Malgutasuna industrian

Data 08-03-2016 IK4-TEKNIKER Tags Automatizazioa eta robotica industriala .

Fabrikazio-ingurunetan pertsonekin integratzen diren roboten belaunaldi berria.

Elkarlaneko robotika azken urteetan garatuz doan kontzeptu berri bat da. Robotetan oinarritutako gaur egungo soluzioek eskaintzen duten automatizazioa malgutzeko premia gero eta handiagoari erantzuteko sortu da. Aro honetan, prozesuak serie laburrekoak, oso aldakorrak eta gero eta konplexuagoak dira, eta robotika tradizionalak ezin ditu eskaini soluzioak inbertsioaren itzulkina justifikatzeko moduko arrazoizko kostuetan.

Robot horiek eskuragarriagoa egiten dute automatizazio robotikoaren teknologia; batez ere, enpresa txiki eta ertainentzat, horiek baitira automatizazio-soluzioak gehien eskatzen dituztenak, kostuak murrizteko eta beren prozesuen kalitatea hobetzeko.

Hori horrela, elkarlaneko robotikak pertsonen eta roboten indarrak konbinatzen ditu, eta, hala, soluzioak eskaintzen ditu bestela automatizatu ezingo liratekeen prozesuetan; esaterako, fabrikazioko piezen muntaketan eta elementu konplexuen ikuskapenean.

Elkarlaneko robotikaren funtsezko alderdi bat segurtasuna da. Robot tradizionalek pertsonak eta robotak banantzen dituzten segurtasun-barrerak eta sentsoreak erabiltzen dituzte segurtasuna bermatzeko, eta horiekin ezin da elkarlanean jardun.

Azken urteotan, segurtasun-araudia betez barrera horiek saihesteko aukera ematen duten produktu berriak sortzen ari dira robotikan.

Edonola ere, erronka handiak ditugu oraindik elkarlan seguru batera iristeko: aplikazio bakoitzean arriskuak ezabatuko dituzten segurtasun-elementuak sartzea, sentsoreak sartzea eta haiek prozesatzea robotetan egokitzeko ahalmen adimendunak txertatzeko, eta, azkenik, robotaren eta pertsonaren zereginak banatuko diren elkarlaneko soluzioak eskaintzeko planifikazio-estrategiak.

Hori dela eta, IK4-TEKNIKERek apustua egin du segurtasuna eta malgutasuna bermatzen dituzten robotika-teknologiak garatzearen alde robot industrialetan nahiz elkarlaneko robotetan sentsore aurreratuak integratuz eta kontrol-sistemak garatuz.

Aurrerapen horiei esker, zentro teknologikoak aplikazioak eskaini ahal izan ditu hainbat sektoretan; esate baterako, logistikaren sektorean produktuak paketatzeko edo fabrikatzeko sektorean aeronautikaren sektoreko pieza konplexuak muntatzeko.