IK4-TEKNIKER protagonista izango da fabrikazio aurreratuari buruzko Txinako eta Mexikoko foro garrantzitsuetan

Data 15-10-2015 IK4-TEKNIKER

Nazioarteko Abiadura Handiko Mekanizazioaren XII. Biltzarraren antolatzaileetako bat da zentro teknologikoa. Biltzarra, lehenengo aldiz, Txinan egingo da, hil honen 18tik 20ra bitartean. Gainera, IK4-TEKNIKERek parte-hartze nabarmena izango du Mexikon urriaren 12tik 15era bitartean fidagarritasunari eta mantentze-lanei buruz egingo den foroan.

IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoak zenbait teknologiatan duen ezagutzaren eta esperientziaren berri emango du mekanizazioari eta mantentze-lan prediktiboei buruzko nazioarteko bi foro garrantzitsutan. Hil honetan egingo dira, bata Txinan eta bestea Mexikon.

Abiadura handiko mekanizazioari buruzko biltzarra, International Conference on High Speed Machining (HSM Conference), hil honen 18tik 20ra bitartean egingo da Nanjing-en, Txinan, eta zentro teknologikoa antolatzaileetako bat da.

Aurreko edizio guztiak Europan egin dira, baina, aurten, lehenengo aldiz, Txinan egingo da, Asia garrantzitsu bihurtzen ari baita fabrikazioaren alorrean.

"Azken urteotan, manufakturako produktuen munduko merkatu handienetako bat bihurtu da Txina, eta mekanizazioaren teknologiaren ikerketak gero eta interes handiagoa eragiten du herrialde horretan", adierazi du IK4-TEKNIKEReko Merkatuko zuzendari Luis Uriartek.

Aurtengo biltzarra produktibitateko eta kalitateko aurrerapenei buruzkoa izango da, eta 20 bat herrialdetako 150 parte-hartzailetik gora izango dira.

Foroaren antolatzaileetako bat izateaz gain, IK4-TEKNIKERek batzorde zientifikoetan eta exekutiboetan parte hartuko du hitzaldi hau emanez: “New strategy for trajectory generation in the transition of two non-aligned segments”. Fagor-Aotekekin lankidetzan egindako I+Gko proiektu baten emaitza da.

Fabrikazio aurreratuan eta makina-erremintan espezializatutako beste erakunde batzuek babesten dute ekitaldia. Besteak beste, hauek: National University of Aeronautics and Astronautics (Nanjing, Txina), Darmstadt-eko Unibertsitate Teknikoko PTW institutua (Alemania), Research Centre of Manufacturing Technology (Praga, Txekiar Errepublika) eta Ecole Nationale Supérieure d’arts et Métieres (Metz, Frantzia).

Biltzar honekin batera, Nazioarteko AMB Azoka izango da: Txinako nazioarteko makina-erremintaren eta mekanizazioaren azoka nagusia.

Mantentze-lan prediktiboak lehiakortasuna handitzeko

Ameriketako kontinentean, zentro teknologikoak esku-hartze nabarmena izango du Fidagarritasunari eta Mantentze Lanei buruzko X. Biltzar Mexikarrean. Hil honen 12tik 15era bitartean egingo da, Leonen, Mexikon.

Hona hemen foroaren helburu nagusia: industriaren etorkizuneko azken joerak zein izango diren aztertzea, eta azaltzea industriaren ekoizpenerako zer abantaila dituen analitika prediktiboa eta akatsen aurreikuspena mantentze-lanen prozesuetan sartzeak.

IK4-TEKNIKERek “4.0 Industria. Mantentze-lan prediktiboak, sistema adimendunak, teknologia eta adimen artifiziala etorkizuneko fabrikan” izenburuko hitzaldia emango du. Big Dataren alorrean sartutako datuen analisian eta prozesamenduan eta makinen portaeran oinarritutako mantentze-lan prediktiboen teknikak azalduko ditu.

PDF deskarga