CENERek eta IK4-TEKNIKERek heliostatoak kalibratzeko irtenbide berri bat garatu dute

Data 02-10-2017 IK4-TEKNIKER Tags Inspekzioa eta neurketa .

Heliostato-eremu osoa aldi berean eta egun berean doitzea ahalbidetzen du, ekoizpenean geldialdiak egitea saihestearekin bat.

Erdiguneko hargailua duten eguzki-energiaren instalazioen jarduera heliostato-eremuaren efizientziaren mende dago. Eguzki-islagailu mota bat da heliostatoa, eta eguzkiaren mugimendua jarraitzeko nahiz eguzki-argia puntu batean islatzeko xedez mugitzen den ispilu batek edo batzuek osatzen dute. Heliostato horien funtzionamendua ezin hobea izan dadin, ezinbestekoa da, instalazioa eraiki bitartean, horren orientazioa doitzea, eta aldizka errepikatzea ekintza hori bere bizitza baliagarrian.

Orain arte, mota horretako gailu-kopuru txikiz osatutako eguzki-eremuak eduki dituzte instalazio gehienek, eta, beraz, sekuentziaka egin izan da horien kalibrazioa; hau da, bakoitzean gailu bakarra kalibratuz. Alabaina, eguzki-energia sortzeko kostuak murrizteko ahaleginaren ondorioz, instalazio zabalagoak eraiki dira, eta heliostato txikiagoak jarri. Eszenatoki horretan, kalibrazio sekuentzialak ez dira bideragarriak izaten.

Gauzak horrela, heliostatoak aldi berean kalibratzeko irtenbide bat garatu dute CENER eta IK4-TEKNIKER zentro teknologikoek, doitze-lanak soiltzeko eta eguzki-instalazio termikoen funtzionamendua optimizatzeko xedez. Irtenbide azkarragoa da, eta heliostatoen egonkortasun-betekizunak murriztea ahalbidetzen du horrek; aldi berean, gainera, heliostatoen fabrikazioari lotutako kostua murrizten du.

Heliostato-eremu osoa aldi berean eta egun berean doitzea ahalbidetzen du CENERek eta IK4-tEKNIKERek garatu duten kalibrazio-prozedurak, eta patentea lortzeko prozesuan dago. Bestalde, instalazioaren jardueran eragin gabe egin daiteke kalibrazioa, gauez edo geldialdietan egingo litzateke-eta.

Horretarako, gailu bakoitzean jarritako kostu baxuko kamera batean eta eremuan jarritako hainbat target-etan oinarritzen da, batez ere, sistema berritzaile hori.
Kokalekuaren eta zinematikak eragindako mugimenduaren mende dago heliostatoen zehaztasuna. Xehetasun horiek diseinu-mailan ezagutzen diren arren, fabrikazioak eta egonkortasun-ezak berezkoak dituzten mugek eragindako aldaketak izaten dituzte.

Arazo horren aurrean, irudiak hartzeko eta neurri horiek prozesatzeko prozedura bat jaso du bi zentroek garatu duten irtenbideak, heliostatoaren zinematikan eragiten duten parametro geometrikoak identifikatzeko xedez.

Irtenbidea arrakastaz probatu da Almeriako Eguzki Plataforman (PSAn). Emaitza onak eduki ditu, eta patente hau eskatuz babestu da: "Heliostatoak kalibratzeko metodoa".

PDF deskarga