4.0 teknologiak makina-erremintan mantentze-lan prediktiboa egiteko

Data 17-05-2022 Tekniker

Tekniker zentro teknologikoak ekoizpen eraginkorrago baterako industria-ekipamendu eta -prozesuen osasun-egoera monitorizatzeko dituen gaitasunak aurkeztuko ditu BIEMH biurtekoan.

Gaur egungo industrian funtsezkoa da monitorizazio-aplikazio desberdinetatik lortutako datuak bildu, biltegiratu, aztertu eta ikusteko aukera ematen duten plataforma digitalak erabiliz aktiboen eta prozesuen mantentze-lanen kudeaketa hobetzea. Hala ere, plataforma batean datuak ikusi ahal izateko lehen urratsa ekipamendu edo aktiboetatik zer parametro jaso behar diren eta informazioa ekosistema digitalizatu batean nola eduki behar den ulertzea da.

Horretarako, Tekniker zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide denak, makina-erremintaren sektoreko ekipamenduak eta prozesuak digitalizatzeko dituen gaitasun guztiak aurkeztuko ditu BIEMH biurtekoaren hurrengo edizioan, fabrikatzaileek eta sektoreko enpresek trazatutako informazioa izan dezaten, azken batean, produkzioaren eraginkortasuna optimizatzeko eta handitzeko.

Ekipamenduetan txertatzeko eta datuak hainbat plataformatan ustiatzeko garatutako teknologien bidez lortutako emaitzak azalduko ditu Teknikerrek.

Datuaren kudeaketa eta mantentze-lan prediktiboa

Soluzio horietan aurrena “Tekniker Fingerprint” da. Metodologia horren bidez, makinaren erabilera- eta baldintza-datuak monitorizatu eta kudeatzen dira eta, horri esker, fabrikatzaileak osagai kritikoen osasun-egoera ezagutu dezake eta ezohiko funtzionamendu-egoerak garaiz detektatu.

Azken finean, test kontrolatua da, aldizka egikaritzen dena, hutsean eta makina-erremintarako aurrez definitutako baldintzetan egiten dena, eta edozein industria-ekipamendutara zabal daitekeena.

Beste test-mota bat ere lantzen du zentroak, makina-erremintarako “Tekniker Fingerprint geometrikoa” izenekoa.

Makina-erreminten osasun geometrikoari buruzko test lasterra da.

Lortutako emaitzaren arabera eta aurretik zehaztutako perdoiekin alderatuta, makina doitasun handieneko eragiketetarako eta makinaren egungo doitasuna zehazteko prest dagoela ziurta daiteke, teknikariak eragiketa bat egin daitekeen ala ez erabaki dezan. Emaitza onartzen ez bada, makina-geldialdi bat programatu behar da kalibraketa-prozesu oso bat egiteko.

Halaber, Teknikerrek ekipamenduen datuak atzitzeko/monitorizatzeko sistemetan oinarritutako teknologia garatu du, “Tekniker Monitoring System” (TMS) izenekoa. Bilketa-sistema horrek seinaleak kalkulatzeko eta prozesatzeko gaitasuna du, eta Tekniker Fingerprint-en hurbilketan txertatzen da.

Makina Erremintaren Nazioarteko hurrengo Biurtekoan, Teknikerrek 1. pabilioiko C14 korridorean kokatutako erakustokian erakutsiko du aktibo industrialen mantentze-lan prediktiborako duen ahalmen teknologiko guztia, datuak bistaratuz eta biltegiratuz.

Arestian aipatutako elementuak makina-erremintan edo bestelako ekipamenduetan aplika daitezke, baita tribometro edo roboten saiakuntza-bankuetan ere. Kategoria horiek guztiak BIEMH biurtekoan aurkeztutako softwarean ikus daitezke.