Industriako lan-ingurune "pertsonalizatu" berriak

Data 28-09-2018 IK4-TEKNIKER

Lan-ingurune jasangarriak garatzen eta ebaluatzen dituzten bost ekimenek foro bat sortu dute, ikerketen emaitzak partekatzeko. Lan-ingurune horiek, jasangarriak izateaz gain, fabrikazio-prozesuen betekizunetan etengabe gertatzen diren aldaketetara eta langileen askotariko profiletara egokitzeko gai dira.

Fabriketara teknologia berriak sartzearekin, "makinak pertsonei egokitzea" sustatu da oraintsu; ez lehen bezala, "pertsonak makinen betekizunetara egokitzea" espero izaten baitzen.

Smart teknologia konektatuak eta automatizazio-ikuspegi berriek lantoki malguagoak, inklusiboagoak eta seguruagoak bermatzen dituzte, lan-baldintza hobeak dituztenak, produktibitate eta kalitate handiagoa dutenak eta langileen gaitasunekin osatzen direnak. Bada, langileen ongizatea handiagoa izatea bermatzen du horrek guztiak, errendimenduari, moldagarritasunari eta laneko konpromisoari dagokienez.

Testuinguru horretan sortu dira A4BLUE (IK4-TEKNIKER da buru), Factory2Fit, HUMAN, INCLUSIVE eta MANUWORK (IK4-TEKNIKERek parte hartzen du) ekimenak, eta fabrikazio-inguruneetarako irtenbideak jorratzen dituzte; langile bakoitzari modu pertsonalizatuan egokitzen zaizkien irtenbideak, hain zuzen ere.

ACE Factories: Human Centred Factories Cluster

Xede komun hori partekatzeko irrikan, ACE Factories Cluster (ACE Factories: HumAn CEntred Factories Cluster) klusterra sortu dute bost ekimenek: industriako lan-ingurune berriekin zerikusia daukaten proiektuen emaitzak, ezagutza eta aurrerapena partekatzeko foroa.