Teknikerrek nekazaritzako elikagaien sektorean duen presentzia indartu du

Data 11-06-2021 Tekniker

Zentro teknologikoak nekazaritzako elikagaien sektorearen ekoizpena hobetzeko teknologiak aurkeztuko ditu Food 4 Future nazioarteko ekitaldian.

Nekazaritzako sektorea mundu-mailako ekonomiaren motor nagusietako bat da, eta, ekoizpena are gehiago indartzeko, tresna teknologiko aurreratuenak behar dira. Nekazaritza- eta elikagai-industrietan negozioa bera eta balio-katea modu adimentsuan kudeatzeko premia dagoenez, Teknikerrek sektore horretan duen eskarmentu teknologikoa kontsumitzaileen eta ekoizleen zerbitzura jarriko duen aliantza estrategiko bat sortu da.

Euskal zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide denak, nekazaritzako elikagaien industriarako garapen teknologiko nagusiak aurkeztuko ditu Food 4 Future nazioarteko biltzarrean. Garapen teknologiko horiek AZTIrekin (Foodtech 4.0) eta Ibermaticarekin duen lankidetzan kokatzen dira: AZTI Teknikerren kolaboratzailea eta global partner-a da, ekitaldia antolatu du, eta harreman estua dauka amaierako erabiltzaileekin eta haien premiekin; Ibermatica, era berean, global partner-a da, eta Teknikerrekin elkarlanean aritzen da hainbat sektoreren balio-kate osoan 4.0 teknologiak garatzen (horien artean, nekazaritzako elikagaien sektorea dago).

Zehazki, nekazaritzako elikagaien sektorearen ekoizpena hobetzeko teknologiak erakutsiko ditu Teknikerrek Food 4 Future biltzarrean, eta, teknologia horien artean, honako hauek daude: elikagaietarako sentsorizazio aurreratua; datuen segurtasun, trazabilitate eta analitika; sistema automatizatu eta robotizatuen erabilera eta ekonomia zirkularra.

Teknikerrek sektorearen alde egindako apustu irmoaren berri emango du, ekainaren 15ean, 16an eta 17an Bilbao Exhibition Centren egingo den ekitaldian. Supporting partner gisa jardungo du, eta, bi hitzaldiren bidez, robotikan, adimen artifizialean eta plataforma digitaletan duen ezagutza erakutsiko du, alderdi horiek nekazaritzako elikagaien sektorean izan ditzaketen aplikazioak azaltzeaz gain. Halaber, beste hitzaldi bat moderatuko du. Bestetik, berotegietako nekazaritza-ekoizpena hobetzeko gai den robot bat erakutsiko du, eta Ibermaticarekin lankidetzan Manufacturing Operations Management (MOM) Expertise Center egitasmoaren alde egindako lanaren berri emango.

Hitzaldiak, erakusleak eta lankidetzak

Testuinguru horretan, ekainaren 15ean, 11:00etan, Ignacio Lázaro Teknikerreko ikertzaileak "Elkarreragingarritasunerako eta balio-katearen analisirako kode irekidun teknologiak" izeneko hitzaldia emango du, eta, egun bereko 15:30ean, Ander Ansuategi adituak “Robotikako eta adimen artifizialeko soluzioak, nekazaritzako elikagaien sektorerako” hitzaldia emango du. Halaber, ordu berean, Joseba Izagirre ikertzailea arduratuko da "Elikagai-katerako sentsorizazio adimenduna" hitzaldia moderatzeaz.

Teknikerrek sektoreari lotutako teknologien arloko aditu gisa hartuko du parte, baina, horretaz gain, erakusle bat aurkeztuko du AZTI zentro teknologikoaren D417 standean, adimen artifizialari esker berotegietako nekazaritza-ekoizpena hobetzen duena.

Bada, robot autonomo bat da, berotegi bateko landareetan izurriteak hasiera-hasieratik hautemateko, identifikatzeko eta tratamendu kimikorik egokiena aplikatzeko gai dena, aurretik adituek definitutako estrategiaren arabera. Sistemak ikuspen-sentsoreak eta Deep Learning-ean oinarritutako teknologiak dauzka; hala, datu-baseak erabiltzen ditu, eta, bertan, bizi-zikloaren fase desberdinetan dauden hainbat intsekturen irudiak daude.

"Teknologia horiei esker, robotak tratamendurik egokiena bilatzen du, eta kaltetutako aldean aplikatzen; hortaz, pestiziden erabilera murrizten du", azaldu dute Teknikerreko iturriek.

Era berean, Manufacturing Operations Management (MOM) Expertise Center-en bidez Ibermaticarekin duen lankidetza ikusi ahalko dugu konpainia horren D441 standean, non ingeniaritzarako eta kudeaketarako IT zibersegurtasunean eta plantarako nahiz zerbitizaziorako OT zibersegurtasunean oinarritutako soluzioak erakutsiko dituen, guztia nekazaritzako elikagaien sektoreari aplikatuta.

AZTI, Ibermatica eta Tekniker adituen arteko lankidetza ezinbestekoa da sektoreari soluzio integralak eman ahal izateko.

PDF deskarga