Derbyko Unibertsitateak Teknikerri eman dio ICMR biltzarreko diseinu- eta berrikuntza-saria

Data 21-09-2022 Tekniker

Saritutako proiektuak laneratzen laguntzen du, bin picking-eko soluzio batean oinarritutako elkarlaneko robot bati esker.

Teknikerren proiektu batek laneratzen laguntzen du, bin picking-eko soluzio batean oinarritutako elkarlaneko robot bati esker. Bada, Derbyko Unibertsitateak (UK) antolatzen duen ICMR - Fabrikazio Ikerketari buruzko Nazioarteko Biltzarraren diseinu- eta berrikuntza-saria jaso du proiektuak.

Sariaren bidez, aitortza egin zaio Teknikerrek ALFA MIM-TECH enpresarekin lankidetzan garatutako lanari; izan ere, proiektuaren bidez, langileen ergonomia hobetuko da metalezko injekziozko modelaketako ekoizpen-prozesuan (Metal Injection Molding, MIM), non tamaina txikiko piezak zehaztasunez manipulatu behar baitira.

 Proiektua "User-Centred Human-Robot Collaborative Handling of Small Parts in a MIM Process" artikulu zientifikoan jasotzen da: Teknikerreko Johan Kildal eta Jorge Molina eta ALFA-MIM-TECHeko Unai Andrés ikertzaileak dira artikuluaren egileak.

Johan Kildalek ICRM biltzarrean aurkeztu zuen lana, irailaren 6an, Derbyn. Saria emateko orduan, epaimahaiak aintzat hartu du diseinatutako elkarlaneko zelulak langileen lan-baldintzak eta jende gehiagoren enplegagarritasuna hobetzen dituela.

Gizarte-dimentsio horretaz gainera, epaimahaiak begi onez ikusi du diseinuak tamaina txiki eta geometria konplexudun piezei eusteko soluzio bat garatu izana, benetako erronka baita horrelako piezak manipulatzea.

Lana CMT4ALL proiektuaren barruan egin da (Collaborative Manufacturing Tasks for All Workers), zeinak, hain zuzen ere, elkarlaneko teknologien bidez laneratzen laguntzea baitu helburu. Bada, horri begira, proiektuak edonoren ahalmenetara egokitzen ditu fabrikazio aurreratuko inguruneak, design-for-all (guztiontzako diseinuak) printzipioei jarraikiz.

Teknikerrek koordinatzen du CMT4ALL proiektua, eta, zati batean, Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutuaren (EIT) babesa jasotzen duen EIT Manufacturing enpresak finantzatzen du (EIT Europar Batasunaren erakunde bat da).