Doitasun-ingeniaritza, makina-erreminta garatzeko ezinbesteko elementua

Data 11-05-2022 Tekniker

Makina-erremintaren doitasuna hobetzea funtsezko helburua da fabrikatzaileentzat eta erabiltzaileentzat (makinen eta -ekoizpen-sistemen garapena eta erabilera) fabrikatu beharreko produktuen zehaztapenak betetzen direla ziurtatzeko. Makinan neurtzea eta akatsik gabeko fabrikazioa dira ikerketa mailan garatzen ari diren kontzeptuetako batzuk, gero makina-erremintan aplikatzeko eta doitasun handiagoa lortzeko, baita pieza handiagoetan ere.

Doitasun-ingeniaritza da makinak, ekipamenduak eta produktuak diseinatzera eta garatzera bideratutako ingeniaritza, beste edozein baldintzaren aurretik doitasuna lehenestea xede duten oinarrizko printzipioei jarraituz.

Doitasuna zenbait produkturekin lotu izan da, hala nola erlojuarekin, eta baita zenbait herrialderekin ere, esaterako Suitzarekin, baina doitasuna kontzeptu askoz zabalagoa da. Oro har, sistema bat doia dela esan daiteke bere zeregina eta bere funtzioa, helburuari dagokionez, akatsik egin gabe betetzen baditu eta akatsak oso txikiak eta zenbagarriak badira.

Elkarrekin lotura handia duten hiru kontzeptu ulertu behar dira doitasunaz hitz egiten denean: zehaztasuna, errepikagarritasuna eta bereizmena. Horiek azaltzeko, oso ohikoa da “ipuin-kontalari” bat aipatzea. Zehaztasuna kontatzen den istorioaren egiazkotasuna da, errepikagarritasuna beti istorio bera kontatzeko gaitasuna da, eta bereizmena istorioa azaltzen duten xehetasunak dira.

Sistema bat “doitasunezkoa” dela esateko, hiru kontzeptuak hartu behar dira kontuan. Baina egia esan, doitasun-ingeniaritzaren ahalegin askok errepikagarritasuna bermatzea dute xede; izan ere, azken helburua zehaztasuna izan arren, garrantzitsua da osagaien eta sistema osoaren errepikagarritasuna ezagutzea eta ulertzea, errepikagarritasuna baita doitasunaren beheko muga.

Teknikerrek hasiera-hasieratik izan du doitasun-ingeniaritza bere espezializazio-lerroen artean, eta hainbat ekipamendu eta sistema garatzeko erabili du, hala nola neurtzeko makina bereziak, tresneria zientifikoa, saiakuntza-ekipamenduak, optoelektronikako osagaiak, neurketa-ereduak eta abar.

Sistemak kontzeptu horiekin diseinatzeaz gain, doitasun-ingeniaritzako elementu giltzarri bat haien fabrikazio-prozesua da. Sistema horiek, aldi berean, doitasun-elementu gisa sortu eta erabilitako ekoizpen-baliabideak behar dituzte.

Merkatuko eskaeren helburua elementu handiagoak fabrikatzea da, doitasun-baldintzak mantenduz edo areagotuz; horregatik, gero eta gehiago, makina-erremintek zehaztasun handiagoko funtzioak betetzeko gai izan behar dute.

Eskaera horiek gero eta zorrotzagoak dira makina-erremintaren sektorerako; sektoreak garapen berrien bidez erantzun behar du eta, hasiera-hasieratik, doitasun-ingeniaritzaren printzipioak sartu behar ditu, errepikakortasun handia bilatuz, deformazio termikoen, marruskaduraren eta lasaieren efektuak saihestuz edo ahalik eta gehien mugatuz, eta behar bezala lerrokatutako posizio-begizta ixteko aukera ematen duten sistemak dituzten eragingailu zehatzak sartuz, etab.

Deskarga ezazu artikulu osoa.

PDF deskarga