Ibermática eta Teknikerreko industria-dibisioek bat egin dute 4.0 Industriako proiektu estrategikoetan

Data 21-10-2020 Tekniker

Manufacturing Operational Management Expertise Center-en bitartez, 4.0 soluzio integralak eramaten dituzte industria-sektorera. Soluzio digitalen eta produkzio baliabideen fabrikatzaileen, eta zentro teknologikoen arteko elkarlan irekiaren eredua berritu dute, ekimena horretan oinarritzen baita

Euskal industriako eragile nagusien elkarlanak berezko garrantzia du soluzio globalak garatzeko eta, horrenbestez, 4.0 Industrian, batetik, produkzioaren lehiakortasuna eta eraginkortasuna, eta, bestetik, kalitatea eta mantentze-lana hobetzeko. Zentzu horretan, ezinbestekoa da ezagutzen transferentzia sustatzea automatizazioa, robotika, Big Data eta MES sistemak arloetako adituen artean, industria-sektorea digitalizatzeko ezinbesteko lau motor baitira.

Xede horrekin sortu zen 2018 urte bukaeran Manufacturing Operational Management (MOM) Expertise Center, ITen arloko Ibermática enpresako eta Tekniker zentro teknologikoko industria-dibisioen eskutik. Azken hori Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kidea da, eta diziplina anitzetako berrogei pertsona jarri ditu proiektuan, bai eta bi milioi euro baino gehiagotan balioetsitako instalazio eta ekipamenduak ere, bere Fabrikazio Teknologiako, Automatizazioko eta Robotika Industrialeko laborategietan.

Ekimen honen erronka nagusia da industria-sektoreari 4.0 soluzio integralak eskaintzea, proposamen bakarrean hainbat teknologia eta tresna eskainita: automatizazioko sistemak, ITko plataformak, Big Datako soluzioak, robot kolaboratzaileak eta makina adimendunak.

Testuinguru horretan, balioa eransteko dinamikarekin jarraituz, lau proiektu jarri dira martxan, soluzio digitalen fabrikatzaileen, produkzio-bitartekoen eta zentro teknologikoen arteko elkarlanean oinarritutako eredu irekiarekin.

Monitorizazio malgu eta moldagarria mekanizazio prozesuetan

Prozesuen ingeniaritzaren arloan sartzen da TECH4CUT proiektua (HAZITEK programa), sektorea kontzeptu iraultzaile batekin hornitzeko helburua duena: monitorizatutako mekanizazio prozesu malgu eta moldagarria, aldi oro mekanizatutako osagaiaren osotasuna bermatuko duena.

Horretarako, prozesuen jokaera-eredu berriak garatzen saiatuko dira, modelizazio teorikoan eta aurretiaz mekanizatutako piezen informazio errealean oinarrituta, eta makinak, sistemak eta mekanizazio prozesuan parte hartzen duten elementuak kontrolatzeko lege berriak garatzen ere. Horrez gain, arreta jarriko da ebaketa-prozesuaren monitorizazioan. Hori guztia prozesuaren emaitza modu zehatz eta eraginkorragoan aurreikus dezakeen eredu bat lortzeko, egun merkatuan daudenekin alderatuta.

4.0 soluzioak aeronautikaren sektorerako

Bestalde, ABIO proiektuak (HAZITEK programa) makinen eta sistemen garapena ikertzen du aeronautikako osagaiak modu lehiakorrean fabrikatzeko. Zehazki, aeronautikaren sektorearen kalitatean, malgutasunean, proaktibitatean eta trazabilitatean ardaztuta dago.

Proiektuaren xedea zera da: aeronautikaren sektorera egokitutako kontzeptu, produktu, soluzio eta zerbitzu aurreratu berriak identifikatu, garatu eta ebaluatzea, mekanizatutako piezen euskal fabrikatzaileen lehiakortasuna hobetzeko eta, horrenbestez, erosteko lehen aukera bilaka daitezen mundu mailan zabalduta dagoen sektorean.

Oinarriak egonkortzen, etorkizuneko IoT (Gauzen Interneta) plataformarako

‘Smart Factory Alliance’ osatzen duten enpresak PILAR proiektuan (HAZITEK programa) ari dira elkarlanean; proiektuaren helburua da industriarako konektibitate, konputazio eta adimen artifizialeko soluzio elkarreragingarri, determinista eta banatu bat ikertzea eta garatzea.

Ekimen horren barruan, komunikazioa ikertuko da hardware/software nodoekin, eta horrekin etorkizuneko sareak eraikitzeko oinarriak finkatuko dira; horrez gain, gaituta dauden adimen artifizialeko teknologiak garatuko dira, sistema industrialeko ereduak eta parametroak modu dinamiko eta jarraituan egokitzeko, gizakiaren esku-hartzerik gabe, eta azpiegitura banatuan eraginkorrak eta seguruak direnak.

Halaber, soluzioen Virtual Commissioning egiteko aukera aintzat hartuko da, azkarrago martxan jartzeko eta ezartzeko, eta instalazio fisikoaren interferentzia murrizteko.

AAko teknologia aurreratuak fabrikazio prozesua hobetzeko

Azkenik, Europako Horizonte 2020 programaren barruan, Ibermática eta Tekniker-eko industria-dibisioak elkarlanean ari dira Continental enpresak Sarregueminesen (Frantzia) duen pneumatikoen ekoizpen plantarekin, AI-PROFICIENT proiektuaren bitartez. Ekimen honekin, adimen artifizialeko teknologia aurreratuak fabrikazioaren eta prozesuen industriara eraman nahi da, batetik, ekoizpenaren plangintza eta ekoizpena bera hobetzeko, eta bestetik, pertsonen eta makinen arteko kolaborazioa errazteko.

AAren gaitasunak eta pertsonen ezagutzak ahalik eta gehien aprobetxatuz, AI-PROFICIENT proiektuak kontrol proaktiborako estrategiak garatuko ditu fabrikazio prozesua hiru zentzutan hobetzeko: ekoizpenaren eraginkortasuna, kalitatea eta mantentze-lana.

PDF deskarga