Tekniker

Eragingailu elektromekanikoetarako kontrol- eta monitorizazio-sistemak

Helburua

Osasuna zaintzeko sistema bat garatzea (Health Monitoring System) eragingailu elektromekaniko batentzat.

Emaitzak

Akatsak goiz detektatzea. Akatsak goiz detektatzeko algoritmoak garatzea, adimen artifizialetik eratorritako teknologietan eta simulazio-ereduetan oinarrituta; saiakuntza-banku bat (aurrez eragite-sistema hidraulikoetarako erabilia) egokitzea eta martxan jartzea, eragingailu elektromekanikoak probatzeko eta monitorizatzeko; sistemaren kontrol-elektronika garatzea, integratua eta urrunetik maneia daitekeena, monitorizazio-jarduerak egiteko.

Eragingailu elektromekanikoetarako kontrol- eta monitorizazio-sistemak

Azken urteotan, gero eta eragite-sistema aurreratu gehiago garatzen eta ezartzen dira, haien prestazioak direla eta, eragingailu hidraulikoen ordez eragingailu elektromagnetikoak (EMAk) erabiltzea bultzatu baita.

Sistema horien garapenari dagokionez, alderdi asko izan behar dira kontuan. Izan ere, diseinuaz gain garrantzitsuak dira gaur egungo merkatuan lehiakorragoa izateko sistemari jar diezazkiokezun funtzio gehigarriak. Horren adibide dira Health Monitoring sistemak.

EMAren ingurunean osasuna zaintzeko algoritmoak garatzeak, ezartzeak eta integratzeak sistemari funtzionalitate gehigarri bat ematen dio, eta, hari esker, akatsak goiz detekta daitezke, eta, hala, istripuak saihestu edo mantentze-lan zuzentzaileak programatu.

IK4-TEKNIKERek zenbait teknologia landu ditu, hegazkinaren zati batzuetako eragite-sistema elektromekanikoetan integratzeko, esaterako, lur hartzeko trenean eta karga-atean.

Monitorizazio-sistema adimendun bat garatu da azken belaunaldiko eragite-sistemetarako. Eragingailuaren simulazio-eredu bat garatuta eta larritzat jotzen diren akats batzuk kontuan hartuta, sistemaren portaera normala zein den jakin ahal izan da, eta akatsak goiz detektatzeko ereduak sortu dira, sistemaren barne-seinaleetatik abiatuta. Ondoren, saiakuntza-banku bat prestatu zen, eragingailu hidraulikoetan probak egiteko aurrez fabrikatu zena, eragingailuaren proba funtzionalak egiteko eta lekuan bertan monitorizatzeko. Gainera, sistemaren kontrol-elektronika diseinatu eta garatu zen, urrunetik maneiatu ahal izateko, beharrezkoak diren seinaleak hainbat sentsoretatik jasotzeko eta eragingailuaren portaera monitorizatzeko.

Lur hartzeko eta aireratzeko maniobretan energia berreskuratzea xede duten lur hartzeko trenaren konfigurazio berrien azterketan bere ezagutza jarriz parte hartu du IK4-TEKNIKERek, eta lur hartzeko trenaren balbula magnetorreologikoa diseinatu eta karakterizatu du; horrez gain, karakterizazio-lan horretan erabili den emari handiko saiakuntza-banku bat fabrikatu du.

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.

Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.

Onartu