Edukira joan

Albisteak

Albisteak

  • 2010-03-03
  • Robot adimentsuak biziak salbatzeko

2010-03-03

Robot adimentsuak biziak salbatzeko

Tekniker-IK4 proiektu baten buru da. Larrialdietarako taldeei laguntzeko robot adimentsuak garatu ditu

Compartir:

Robot Robauco

2M€ko aurrekontuarekin, ROBAUCOk SOS Deiak-en aholkularitzarekin batera, bi robot-prototipo sortu ditu, bata barnerako eta bestea kanporako, larrialdiko eszenategi ezberdinetan lan egiteko zuzenduak

Tekniker-IK4 robotika arloko ikerketa proiektu baten buru jarri da. Lan konplexuak egin ditzaketen robot adimentsuak garatu ditu, larrialdietarako taldeei laguntzeko helburuarekin; hala nola sute, lurrikara edo eraso terroristak gertatzen direnean. Robot hauen mugikortasun eta autonomia maila handia medio, halako gertaerei aurre egin behar dieten pertsonal espezializatuari laguntzeko kolaboratzaile ezinbesteko bihurtzen ditu. Izan ere, oso denbora gutxi baitute bizirik atera direnak erreskatatzeko.

Roboten jarduketa arloak gaur egun automatizazio eta industria produkzioari lotuta daude, errepikakortasuna eskatzen duten aldez aurretik ezagututako lanetan: piezen manipulazioa, soldaketa, pintaketa... Neurri txikiagoan, sarbide txarra edo arriskutsua izanagatik, gizakiak esku hartu ezin duenean, haiek parte hartzen dute eta beren gaitasuna erakusten, hala nola lehergailuak desgaitzeko edo tutuen ikuskaritzarako erabilitako robotak.

Aplikazio horien aurrean, ROBAUCO proiektuak robot mugikorrak garatu ditu, autonomo eta kolaboratzaileak, are lan konplexuagoak burutu ditzaketenak. Izan ere, dagoeneko garatuak dira bi proiektu, eta probatu dira zenbait larrialdiko egoerari aurre egiteko ariketan. Prototipo horien funtzioak egokiro zuzentzeko, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzaren, SOS Deiak-en eta bestelako larrialdietarako zerbitzuen aholkularitza izan da.

Bi prototipoak, lurreko robot bat kanporako eta bestea barnerako, proiektuan ikusten diren bi eszenategietako beharrei erantzuteko garatu dira: kimika-lantegi bateko isuria eta aparkaleku bateko sutea, esaterako, gertatzen direnean. Lehen kasuan, lurreko robota toki jakin batetik hurbiltzen da, tokiko mapa eta GPS informazioa oinarri, operadoreak emandako informazioa erabiliz. Aireko robot bat (UAV) arduratzen da delako robota sartuko deneko tokiaren errekonozimendua egiteaz. Tokiko irudiak hartzen ditu eta operadoreari ematen. Lurreko robota era autonomoan ibiltzen da eta oztopo orografiko eta bestelakoak gainditzen ditu. Behin helbidea joz gero, ariketari ekiten dio, elementu kimikoaren fokua aurkitzeko.

Sutea aparkaleku batean
Bigarren eszenategiari dagokionez, robotak aparkalekuan sartu behar du. Era autonomoan sartu ere, ez telegidaturik. Tokiko araketa egin behar du; kontrol nagusiko baseari informazioa eman behar dio, larrialdietako arduradunek egin dezaten lehen balorazioa.
ROBAUCOren prototipoetarako erabilitako bi adibideek are ikerketa zabalagoa dute abiapuntutzat, larrialdiko egoera zenbaiten aurrean hartu beharreko estrategiak eta erantzukizun partikularrak kontuan hartuz. Ikerketaren arabera, 48 ordu lehenak oinarrizkoak dira, larrialdietarako zerbitzuen lanari dagokionez; izan ere, bigarren egunaz geroztik, hilkortasun tasa handitzen da erabat, kanpoan egonagatik, ur, janari edo sendabide faltagatik.

Horregatik, robot adimentsuek erakusten duten mugikortasun, autonomia eta lankidetza gaitasuna, oso lagungarriak dira larrialdietarako taldeentzat. Hauek, izan ere, inguru zailetan lan egin behar izaten baitute, egoera kritikoei aurre egiteko ahaleginean eta urteko egun guztietan 24 orduko arreta etengabea eskainiz. Honako egoera hauek dira helburu: babes zibila, mendi eta uretako erreskateak, gai arriskutsuen istripuak, basoko eta hiriko suteak, lurrikarak, uholdeak, izurriteak, terrorismoa, gerra-egoerak...
Ikerketa horretatik abiaturik, ROBAUCOn parte hartzen duten ikerketa zentro eta erakundeek lan egin dute robot mugikorrak garatzeko beharrezkoa den teknologia sortu nahian. Robot horien zeregina egoera larriak eskatzen dituen lan konplexuak burutzea izango da, baita giza taldeekin elkarkidetzan aritzea ere, ahalik eta erarik naturalenean. Zentzu horretan, robotak, era elektronikoan esandako aginduak betetzeaz gainera, gizakiekin lan egiteko gaitasuna erakutsi beharko du, era sinplean, ahots eta zeinuak barne.
 

Lau teknologia zentro eta lau unibertsitate
Tekniker-IK4 proiektuko buru da. Bertan, ordea, beste hiru teknologia zentrok parte hartzen dute, Fatronik euskaldunak, Instituto Tecnológico de Informática (ITI) valentziarrak eta Valladolideko Centro de Automatización Robótica y Tecnologías de la Información y la Fabricación (CARTIF), baita Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU), Madrileko Carlos III.a Unibertsitateko, Kataluniako Unibertsitateko Politeknikoko eta Sevillako Unibertsitateko robotikari buruzko ikerketa taldeek ere.

Proiektuak 2010eko lehen hiruhilabetean izango du amaiera, 30 hilabetetan zehar lan egin ondoren. Bi miloi euroko aurrekontua izan du; horietako 650.000€ Tekniker IK-4renak dira, gainera. Proiektua, neurri batez bederen, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministeriok finantzatu du, miloi euroko dirulaguntza eman baitu.

Berezitasun teknologikoa
Teknologia aplikatuan eta bera enpresetara eramateko langintzan 25 urte baino gehiagoko esperientziarekin, Tekniker IK-4k berezitasun maila handia lortu du lau alor handitan (Zehaztasun eta Mekatronika Ingeniaritzan, Gainazalen Ingeniaritzan, Produkzio eta Automatizazio Ingeniaritzan eta Fabrikazio Teknologien Ingeniaritzan). Horri esker, jar dezake bere teknologia edozein abangoardiako lana egiteko prest. 2009an zehar, Eibarko teknologia zentroak 21 miloi euroko balioa izan zuten garapenak burutu zituen.

Iñaki Goenaga kalea, 5 · 20600 Eibar · Gipuzkoa · Spain  Tel: 943.20.67.44 / 943.25.69.00 · Fax: 943.20.27.57