Edukira joan

Albisteak

Albisteak

  • 2010-01-10
  • TEKNIKERREK NANOKANAL FUNTZIONALAK LORTU DITU

2010-01-10

TEKNIKERREK NANOKANAL FUNTZIONALAK LORTU DITU

DNA banakako molekuletatik abiatuta aztertzeko

Compartir:

Nanocanales Funcionales

Duela urte batzuk, nanoinprimatze-litografien teknologiak garatzen hasi zen TEKNIKER, nanometro gutxiko sakonera eta zabalera duten txipak eraikitzeko. Ikerketa horren emaitza da hau. Nanokanal horiek fabrikatu ondoren, prozesua osatzeko, kanal horiek silizioarekin oxidatu, eta pirexarekin zigilatu dira, bategite anodiko bidez. Ekorketa-mikroskopio elektronikoarekin (halako gutxi aurkitu daitezke nazioartean) lortutako irudi ikusgarriek erakusten dute prozesu-multzoen amaieran nanokanalak ez direla ixten, guztiz erabilgarriak izaten jarraitzen dutela, 100 nm-tik beherako dimentsioekin.

Fabrikazio-prozesua erabat menperatu ondoren, TEKNIKEReko ikerlariek zenbait saiakuntza arrakastatsuri ekin diote, gailu hauek molekula bakar batetik DNAren luzera neurtzeko bideragarriak diren ala ez ikusteko. Hala, base-pareen kopuru eta luzera jakin bateko DNA erabili da, molekula fluoreszentez tindatua, haren mugimenduei jarraitu ahal izateko. DNA hori luzatu egiten da esekiduran eta presio-diferentziapean -esperimentalki zehaztutako luzatze-faktorea 0,33 da-, eta nanokanaletatik igarotzen da. Nanokanal horien dimentsioak identifikagarriak dira eta bat datoz aurreikuspen teorikoekin (nanokanalen tamainaren zenbatespen enpirikoa ere egin ahal izan da, eta bat dator ekorketa-mikroskopio elektronikoarekin ikusitako irudietan oinarrituta egin diren balioztatze kualitatiboekin). TEKNIKEReko ikertzaileek bideo bikain bat egin zuten Danimarkako Unibertsitate Teknikoko sentsibilitate bereziko ganberak erabilita. Bideo horretan, mugimendu hori eta molekulek mugitzean duten tamaina estandarra ikus daitezke.

Ikerketa-ildo honen azken helburua genoma modu fidagarri eta ekonomikoan kodetzea eta identifikatzea da (birusak, bakterioak eta bestelako organismo patogenoak azkar hautemateko). Ikerketa Princeton Unibertsitatean (AEB) hasi zen, eta egun, mundu osoan dozena-erditik behera dira puntako ikerketa-zentroak (eta horien artean dago TEKNIKER). Metodo analitiko honek makromolekula bakar bat behar du lagin gisa,  eta abantaila ugari ditu DNA analizatzeko eta sekuentziatzeko ohiko prozesuen aldean. Ohiko prozesuetan beharrezkoa da hari bikoitza hainbat zati txikitan moztea, segmentu bakoitza milioika aldiz erreplikatzea, segmentuak tamainaren arabera sailkatzea, jatorrizko sekuentzia berriro eraikitzea... Hori guztia nekeza eta garestia da.

Ikerketa horien emaitzak "Single molecule DNA stretching in nanofluidic chips fabricated by thermal imprinting and anodic bonding" artikuluan jaso dira, eta Estefanía Abad, Aritz Juarros, Aritz Retolaza eta Santos Merino TEKNIKEReko ikertzaileek sinatu dute lana, Marie eta Kristensen daniar zientzialariekin batera. Artikulua "Nanotechnology" gisa indexatutako argitalpen entzutetsura bidali da. Informazio gehiago nahi izanez gero, jo helbide hauetara: eabad@tekniker.es  edo ajuarros@tekniker.es .

Arrakasta horrek benetako nanoteknologia egiten duten gutxi horien artean kokatzen du TEKNIKER. Hau da nanoteknologiaren jatorrizko adiera:  gutxienez bi dimentsiotan tamaina nanometrikoa duten elementu funtzionaletara murrizten den teknologia. Eta nanoteknologiaren arloan duen posizioa sendotuz, TEKNIKERek FOREMOST europar proiektua koordinatzen du (helburu tribologikoetarako nanopartikula bidezko estaldurak erabiltzen ditu),  Espainiako teknologia-zentroek partzuergoan hartutako NANOCIT proiektuaren buru da, eta parte hartzen du CIC NANOGUNEren euskal Etortek-en.
 

Iñaki Goenaga kalea, 5 · 20600 Eibar · Gipuzkoa · Spain  Tel: 943.20.67.44 / 943.25.69.00 · Fax: 943.20.27.57