Edukira joan

Albisteak

Albisteak

  • 2009-07-07
  • Gipuzkoako teknologia Mexikon ura kudeatzeko

2009-07-07

Gipuzkoako teknologia Mexikon ura kudeatzeko

Tekniker-IK4 ikerketa-zentroak garatutako eta Kutxaren Gizarte Ekintzak finantzatutako sistema berri bat ari dira probatzen Mexikon uraren kudeaketa integrala egin eta bertako instalazio hidraulikoak kontrolatzeko

Compartir:

Rueda de prensa Kutxa-TEKNIKER

 

  •  Morelia eta Puebla hiri mexikarretako Ur Operadore Erakundeek eta Bilbao Ur Partzuergoak IT Datalogger gailua probatu dute beren instalazio hidraulikoak monitorizatu eta kontrolatzeko
  • Tekniker-IK4 Zentroak eta Kutxaren Gizarte Ekintzak garatutako sistema horren bitartez uraren kalitatea bermatu ahal izango da eta ur-isuriak, gainezkatzeak eta gainpresioak saihestuko dira
  • Konponbide teknologikorako gailua neurri txikikoa da -kanpoan egoteko prestatuta dago-, ez du kablerik behar eta datuen kudeaketa zentralizatua, malgua eta noranzko bikoa egiteko aukera ematen du bertaratu beharrik izan gabe
  • "Ingucap" izeneko proiektua orain dela bi urte jarri zen abian eta "Ingurutek" programaren barnean sartuta dago. Ingurumenaren arloan teknologia elektronikoak aplikatu eta garatzea da horren helburua


 Tekniker-IK4 ikerketa-zentroak garatutako eta Kutxaren Gizarte Ekintzak finantzatutako sistema berri bat ari dira probatzen Mexikon uraren kudeaketa integrala egin eta bertako instalazio hidraulikoak kontrolatzeko. Morelia eta Puebla hiri mexikarretako Ur Operadore Erakundeak eta Bilbao Ur Partzuergoa IT Datalogger gailua ebaluatzen ari dira, dagozkien sareetan hori ezarri edo ez baloratzeko.

Datalogger IT gailua Ingucap proiektuaren aplikazioetako bat da. Proiektu hori Gipuzkoan garatu da azken bi urteetan zehar, eta modu lausoan, ur-isuriak, gainpresioak eta gainezkatzeak hautemateko aukera ematen du ura banatzeko sareetan; era berean, uraren kalitatea ere bermatuko da. Datalogger IT gailuak honako hiru elementu nagusi hauek ditu: sentsorea, nodoa eta plaka elektronikoa. Konponbide teknologikorako gailu hori neurri txikikoa da eta kanpoan egoteko prestatuta dago; gainera, ez du kablerik behar.

Datuak hartzeko sistemak ez du pertsonen arretarik behar, eta gainera, autonomoa da, urrutitik konfigura daiteke eta neurri zuzenak eta berehalakoak ematen ditu. Beraz, prebentzio-arma on bat da, sor daitezkeen arazoei aurrea hartzen dielako eta ura aurrezten duelako (ura alferrik galtzea saihesten du).

Sistema berriak gailu bakar baten bidez funtzionatzen du, eta hori dela eta, datuen kudeaketa zentralizatua egin daiteke; gainera, malgutasuna eta noranzko bikoa eskaintzen ditu eta ezarritako datu guztien kontrol sakona egin daiteke. Pueblako bi milioi biztanle baino gehiagoren -Mexikoko laugarren metropoli-arearik jendetsuena- eta Morelian zentsatuta dauden ia 700.000 biztanleen mesederako izango litzateke sistema horren aplikazioa. Bestalde, Bilbao Ur Partzuergoak 71 udalerriren ura hornitzen eta saneatzen du; udalerri horien artean ia milioi bat biztanle daude, hau da, Bizkaiko populazioaren % 90.

Prototipo hori Ingucap proiektuaren emaitza da (Edateko Ur Sarearen Kontrol eta Aginterako Unitatea). Tekniker-IK4 zentroak eta Kutxaren Gizarte Ekintzak bi urte daramatzate proiektu horretan lanean. Finantza-erakundea proiektua ordaintzeaz arduratu da eta teknologia-zentro eibartarra, berriz, hori garatzeaz.

Ingurutek proiektua

Ingucap proiektua Ingurutek programaren barruan sartuta dago. Izan ere, Ingurutek helburu handiko programa bat da, Tekniker-IK4 zentroaren eta Kutxaren Gizarte Ekintzaren arteko lankidetzaren emaitza, eta ingurumenaren arloan teknologia elektronikoak garatzera eta aplikatzera bideratuta dago, honako hiru azpi-proiektu hauen bitartez: ura, itsasoa eta airea. Ingurutek proiektuaren bitartez, hiru milioi euro inguruko inbertsioak bideratzen ari gara. Balio erantsi handiko proiektuak dira eta beren eragina izango dute Gipuzkoako teknologia- eta gizarte-garapenean.

Ingucap proiektua programa zabal honen zehaztasunetako bat da. Orain arte, hiritarrei ura hornitzea eta, ura edangarria izan zedin, legea betetzea izan da edateko ur sareen kudeaketaren helburu bakarra. Hain zuzen ere, hausnarketa hori abiapuntutzat hartzen du Ingucap proiektuak. Orain, eskaintza azpimarratzeaz gain eskaeraren gainean ere egin daiteke lan, eta horrenbestez, ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-onurak lor daitezke.

Beraz, Ingucap proiektuko berrikuntza teknologikoen bitartez posible izango da uraren prozesu guztiak une berean kontrolatzea (ur-bilketa, banaketa... ura kontsumitzailearengana iristen den arte). Gainera, ur gehiago aurreztuko da eta eraginkortasuna ere handiagoa izango da uraren erabilerari dagokionez; horrez gain, ingurumena eta garapen ekonomiko iraunkorraren garapena gehiago babestuko dira.


Enpresa espezializatuak

Proiektua garatzeko, Datalogger eta Maser Mic enpresa espezializatuen laguntza izan du Tekniker-IK4 zentroak.
Tekniker-IK4 Zentro Teknologikoak 25 urteko esperientzia du teknologia aplikatua ikertzen eta hura euskal industriara eramaten. Zentroak espezializazio maila handia du lau eremu nagusitan (Mekatronika eta Doitasun Ingeniaritza, Gainazalen Ingeniaritza, Produkzio eta Automatizazio Ingeniaritza eta Fabrikazio Teknologiak), eta horri esker, era guztietako eginkizunetan erabil dezake bere abangoardiako teknologia. 2007an, 18 milioi eurotik gorako balioa zuten garapenak burutu zituen.

 

Iñaki Goenaga kalea, 5 · 20600 Eibar · Gipuzkoa · Spain  Tel: 943.20.67.44 / 943.25.69.00 · Fax: 943.20.27.57