2009-05-28
TEKNIKER-IK4k, datorren ekainaren 1 eta 3 bitartean Santanderren egingo den Metrologia Nazio Biltzarraren laugarren ekitaldian, egiaztatze, neurtze eta kalibratze aplikazioei zuzendutako proiektu eta soluzioak aurkeztuko ditu. Eibarko teknologia zentroak, estatu mailan erreferentzia zentro moduan indartu denak, duela gutxi, Espainiako Metrologia Zentroarekin batera, munduko barometrorik zehatzena garatu du.
TEKNIKER-IK4k babesten du biltzarra; baina horren antolatzaileak Espainiako Metrologia Zentroa (EMZ), Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioa eta Kantabriako Gobernua dira, Iberdrola, Unión Fenosa, AENOR, E-ON España, Indra, Egiaztatze Erakunde Nazionala (EEN), Enagas, Cortazara eta Madrileko Laborategien Zentroarekin batera (MLZ). Hiru egunetan zehar, Magdalena Jauregian egingo den biltzar horretara bilduko dira gaian aritu direnak.
Metrologiak neur daitezkeen magnitudeak, unitate sistemak, neurtzeko modu eta teknikak ikertzen ditu, eta haien kalitatearen balorazioa egiten du eta horrela aurrerapen zientifiko eta teknologikoa errazten du. Metrologia Nazio Biltzarrak bere helburu nagusitzat gaiaren eragin sozial eta ekonomikoaren neurria zein den aztertzea da.
TEKNIKER-IK4 eta Espainiako Metrologia Zentroa
TEKNIKER-IK4 metrologia esparrurako sistema eta ekipamenduak garatzen ari da eta, beraz, esperientzia du arlo horretan. Bere zereginaren barruan sartzen dira produkzio-unitateetarako industria-aplikazioak, laborategi lehenetarako zehaztasun handiko tresnak, baita eskala luzeko eta mikro eta nanoeskalako neurketak ere.
Zehaztasun ingeniaritzan zentro aritua eta tresna zientifikoak hornitzekotan liderra denez, TEKNIKER-IK4k badaramatza hogei urte baino gehiago Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren barneko Espainiako Metrologia Zentroarekin batera (EMZ) lankidetzan. Bi erakundeon arteko konfiantza horren emaitza eta frogarik sendoena EMZrako munduko barometrorik zehatzena egiteko enkargua Eibarko teknologia zentroari eman izana da.
Garapen horri esker, Espainia maila gorenean jarri da estatuen artean, presioen neurtzeari dagokionez. Horrek, esan beharrik ez dago, aplikazio asko ditu, bai metereologia bai aeronautika arloetan ere. Espainiak, beraz, Estatu Batuen, Japonen eta Hego Korearen maila lortu, horiek baitira orain arte bederen herririk aurreratuenak alor horretan.
Hori baino lehenago, EMZa patroi eskala handietako konparagarri interferometrikoaz, bi mahai konparagarri angularrez eta bestelako tresnez hornitu zuen TEKNIKER-IK4k. Baina zalantzarik gabe, presioen patroi lehena diseinatu eta egitea izan da Eibarko teknologia zentroak izan duen erronkarik handiena.
Teknologia aplikatuaren ikerkuntzan eta bera enpresari aplikatzean daramatzan 25 urte baino gehiagoetan, TEKNIKER-IK4k lortua du berezitasun maila handia lau esparru handietan (Zehaztasun Ingeniaritza eta Mekatronikarenean, Azalen Ingeniaritzarenean, Produkzio eta Automatizazioa Ingeniaritzarenean eta fabrikazio teknologienean). Horregatik, bere abangoardiako teknologia edozein lanen zerbitzura jar dezake. 2008an Eibarko teknologia zentroak egindako garapenak 19 miloi eurokoak izan ziren.