2009-05-20
Donostian, ekainaren 2 eta 5 bitartean, Zehaztasun Ingeniaritzaren eta Nanoteknologiaren Europako Elkartearen 9. Nazioarteko Hitzaldia garatuko da.
Egun horretan, Gipuzkoako hiriburuko Kursaal Jauregia erreferentziako elkargune bilakatuko da; izan ere, Toshiba, Carl Zeiss edo FEi bezalako teknologia konpainietako arituek ultrazehaztasun eta mikroteknologia arloetan sortu diren berrikuntzen berri emango baitute.
Eibarko Tekniker-IK4 zentroa arduratuko da nazioarteko biltzar horretako koordinazio lanez. Delako biltzar hori, hala espero da, nazioarteko berrikuntzen berri eman dezakeen erakusleiho izan daiteke, bai zehaztasun fabrikazio prozesuetan bai metrologia tresna eta sistemetan, edo zehaztasun ingeniaritzarako nano eta mikroteknologiarako sortutako azken belaunaldiko materialen diseinuan. Teknologia horiek funtsezkoak dira balio erantsi handiko alor oinarrizkoetan produktu eta prozesu berriak sortzeko orduan, esaterako automozio, aeronautika, biomedikuntza, elektronika eta energia berriztagarri arloetan.
Nazioarteko Hitzaldiaren 9. ekitaldiko programaren barruan saio komertzialak sartzen dira, edukiz teknikoagoak diren bestelako saio batzuekin batera. Azken horien artean aipatu behar dira Toshiba elektronika enpresako zehaztasun handiko makina arloko Aholkulari Tekniko eta Zuzendari Nagusi ohi den K. Tanaka doktoreak, Carl Zeiss zerbitzu optikoen enpresako Garapen Aurreratu arloko zuzendari den W. Nahm doktoreak eta nanoteknologian aritutako FEI konpainiako Ikerketa eta Teknologia Zuzendari den Frank de Jong doktoreak emango dituzten hitzaldiak.
EUSPENeko lehendakaritzak biltzarra egiteko Euskadi aukeratu du, "nazioarteko aitorpen" maila lortua duelako, "Espainiako makina-erremintaren zentro gisa". Sail horrek, izan ere, 1.050 M€ko itzulkinak ekarri zituen Euskal Herrira eta %7,3ko hazkundea, eta automozio eta aeroespazio sailetan funtsezkotzat jotzen da. Era berean, arrazoi horiek berak azpimarratu ditu EUSPENek, kongresuaren antolakuntza "Espainia mailan mekatronika, fabrikazio eta mikro eta nanoteknologia arloetan liderra den zentroaren esku" uzteko. Tekniker-IK4ri buruz ari zen.
Tekniker IK-4, nanoGUNE ZIZ eta Danobat
Kongresuko inaugurazio egunean, hain zuzen, antolatzaileek bisitaldi tekniko gidatua prestatu dute. Horretan parte hartu nahi dutenek aukera izango dute nanoteknologia eta zehaztasun ingeniaritza arloan puntakoak diren hiru zentroetako bat ezagutzeko: Tekniker-IK4 Teknologia Zentroa -Eibarren kokatuta dagoena-, Donostiako Teknologia Parkean kokatuta dagoen Nanoteknologia arloko Kooperatiben Ikerketa Zentroa, alegia nanoGUNE ZIZ-a, eta Danobat, makina-erremintaren arloan berezitutako enpresa -bera Elgoibarren kokatuta-.
(EUSPEN) Zehaztasun Ingeniaritza eta Nanoteknologia arloetako Europako Erakundea sare eraginkorra da, munduan zehar banatuta dauden 30 herrialdetako enpresariak, ikerlariak eta bestelako erakundeak elkarrekin harremanetan jartzen baititu. 1999az geroztik Erresuma Batuan du egoitza eta nazioarteko plataforma da. Bere helburua enpresen eta ikerketa institutuen arteko lankidetza bultzatzea da, teknologia arloko garapenak sustatzeko.
Bere aldetik, Teknologia aplikatuaren ikerkuntzan eta bera enpresari aplikatzean daramatzan 25 urte baino gehiagoetan, TEKNIKER-IK4k lortua du berezitasun maila handia lau esparru handietan (Zehaztasun Ingeniaritza eta Mekatronikarenean, Azalen Ingeniaritzarenean, Produkzio eta Automatizazioa Ingeniaritzarenean eta fabrikazio teknologienean). Horregatik, bere abangoardiako teknologia edozein lanen zerbitzura jar dezake. 2008an Eibarko teknologia zentroak egindako garapenak 19 miloi eurokoak izan ziren.