2008-06-03
Repsol-YPF, Shell edo Endesa bezalako enpresek lubrikazioaren sektorean egindako aurrerakuntzak eta industrian duten aplikazioak eztabaidatuko dituzte.
Donostia (2008ko maiatza). Donostian datorren ekainaren 4an Lubrikatzaileen Europako Bigarren Konferentzia (LUBMAT 2008) ospatuko da, eta bertan nazioartean erreferentzi diren enpresetako 300 aditutik gora elkartuko dira sektorean eman diren azken aurrerakuntzak aztertzeko, eta baita industrian izan duten aplikazioak aztertzeko ere (lehiaketa kotxeen eta automozioaren gorakada, aerogeneradoreena eta beste ekipamendu batzuena).
Lubrikazioa oinarrizko elementua da garraioan eta industrian, bera baita mekanismo ugariren eraginkortasunaren eta iraupenaren arduradun. Industriak hau onartu izanak eremu honetako ikerkuntza nabarmen haztea eragin du.
Tekniker-IK4-k Erresuma Batuko Jost Institute-kin antolatu duen kongresu honi Walter Biasatti Epsilon Euskadi zentroko diseinu-buruak emango dio hasiera, eta lehiaketa kotxeetako lubrikatzaileei buruz mintzatuko da.
Hiru egunetan zehar, Donostiako Miramon Jauregian konferentziak, mahai-inguruak eta lan-taldeak burutuko dira Repsol-YPF, Shell, Endesa, SAS edo John Deere bezalako enpresetako adituen parte-hartzearekin, eta baita nazioarteko zientzia eta unibertsitate munduko adituekin ere.
LUBMAT 2008(www.lubmat.org) lubrikazioaren kudeaketan eta bere teknologian zentratuko da: olioak, koipeak, mozketa fluidoak, industri fluidoak; nola egin ingurugiroarentzat hain kaltegarriak izan ez daitezen, lubrikazioa inguru berezietan edo bere kudeaketa eta monitorizazioa, beste batzuen artean.
Hezkuntza jardunaldia Tekniker-IK4-n
Kongresuan zehar eta aldi berean, erakusketa bat egongo da eta bertan sektoreko enpresa nagusiek azken produktuak erakutsi ahalko dituzte, eta bezperan, ekainaren 3an, hezkuntza jardunaldi bat ospatuko da Tekniker-IK4-en instalakuntzetan, Eibarren.
Zentro teknologiko euskaldunak 2006. urtean Erresuma Batuan ospatu zen Lubmaten aurreko edizioa ere antolatu zuen Jost Institute-kin batera, eta sektorean erreferente da, 25 urte baino gehiago baitaramatza tribologian (marruskadura eta materialen higadura aztertzen) eta lubrikazioan ikertzen. Honi esker, mantenimenduan eta fidagarritasunean, ingurugiroaren ebaluaketan, formulazioen garapenean, erabilpeneko kontrolean eta condition-monitoring-ean nabarmendu da.
Tekniker-IK4-k lubrikazioarekin erlazionatutako I+G-ko europar proiektu garrantzitsuenetariko batzuetan parte hartzen ari da, EADS, Repsol-YPF, Renault, Volvo, Fiat, Krafft eta Wearcheck bezalako bazkideekin; nazio mailako proiektuetan, aldiz, ekologiako teknologiak, doitasun handia eta produktibitatea edo trenbideko garraiorako abiadura handia lortzeko teknologia berriak lantzen ari da. Era berean, lubrikanteentzako ekolabel europarraren irizpideen definizioan parte hartu du.
Automozioan eta biomedikuntzan aplikazioak
Automozio sektoreko aplikazioez gain, tribolubrikazioak beste eremu batzuetan garrantzia hartu du, biomedikuntzan (hezurren higadura nola murriztu aztertzen du), makina-erremintan, industri mekanizazioan, industri kimikoan, elikaduran edo obra publiko eta hidraulikoetan esaterako.
Zentro teknologiko eibartarra europar mailan tribolubrikazioan buru da ikuspuntu guztietatik: lubrifikatzailearen formulazioa, kontrola erabileran, monitorizazioa eta bizitza zikloa, eta baita kudeaketa lantegian eta sistema mekanikoen mantenua. Hortaz gain, tribologian Tekniker-IK4-k bere aplikazioak hutsetik kanpoko eta tenperatura altuetako ingurugiroetan burutzen ditu, eta baita metalikoak ez diren sistemetan, compositeak eta hezurrak esaterako.
Tekniker-IK4 aplikatutako teknologien ikerkuntzan eta hau euskal industriara eramaten 25 urteko esperientzia duen zentro teknologikoa da. Lau eremu handitan (Mekatronika eta Doitasun Ingeniaritza, Gainazalen Ingeniaritza, Produkzio eta Automatizazio Ingeniaritza eta Fabrikazio Teknologiak) daukan espezializazio maila altuak era guztietako eginkizunen zerbitzura bere teknologia jartzeko aukera ematen dio. 2007an 18 milioi eurotik gorako balioa duten garapenak burutu zituen.
Informazio gehiago:
Javier Urtasun
Tekniker-IK4 komunikazioa
Tfnoa: 639890217