Edukira joan

Albisteak

Albisteak

  • 2007-07-27
  • NANOTEKNOLOGIA TEKNIKERREN

2007-07-27

NANOTEKNOLOGIA TEKNIKERREN

Neurri-elementuak eta biotxipak fabrikatzeko

Compartir:

TEKNIKER nanoinprimatze-litografien teknologiak garatzen hasi da, elementu metrologiko berriak (“encoders” edo neurri-erregelak) eta proteinak antzemateko biotxipak lortzera bideratuta.

Prozesu kritikoak espero dira aipatutako nanoinprimatze-litografiaren erabileran (NIL). Oso labur esanda, nanoinprimatze-litografia egitura nanometrikoak dauzkan molde zurrun batetik abiatzen da (zeina, aldi berean, X izpidun litografiaren edo elektroi-kanoidun litografiaren bidez lortzen den) eta gainazal lau baten gainean jarritako polimero-geruza mehe baten gainean erreplikatzen da. Prozesua amaitzeko, hondarreko polimeroa kentzen da eta beste teknika batzuen bidez metal-geruza oso meheak jartzen dira (30 edo 40 nanometrokoak baino ez) lortutako nanoegituren gainean.

“Encoder”ari dagokionez, fase-erregela baten eta buru irakurgailu baten fabrikazioa proiektatuta dago, silizioan eta pirex beiran hurrenez hurren; difrakzio-sare bien periodoa 200 nanometroren inguruan dagoelarik, eta erregelaren luzera osoa 60 mm-tik gertu. “Encoder” horrek aplikazioak izango lituzke makina-erremintetan eta metrologia dimentsionaleko ekipoetan zeintzuetan beharrezkoak diren nanometro baten inguruko erresoluzioak eta 25 nanometro inguruko prezisioak ibilbidearen osotasunaren gainean. Elementu metrologiko hori eskuragarri izatea oso garrantzitsua da nanofabrikazio mekanikoa epe ertainean errealitate bihurtzeko.

Biotxipari dagokionez, ikerketa-lana IK4 ituneko beste kidearekin partekatuta dago,  GAIKERekin alegia. Biologikoki aktiboak diren proteinak azkar eta era fidagarrian prozesatzea eta antzematea da helburua (substratuan finkatzeko aski izango da biotina erabiltzea, horrek ez baitu proteinen egitura tertziarioa eta kuaternarioa aldatzen). Proteinen identifikazio azkar, fidagarri eta lehiakor horrek tumore gaiztoak diagnostikatzeko sistema berrien aukera zabala ireki dezake, eta, aldi bereko entseguak egiteko dauzkan abantailak direla-eta, printzipio aktiboen identifikaziorako tresna berriak eman ditzake, eta tresna horiek sendagai berrien oinarri izan daitezke. Txipak 20 eta 50 nanometroren arteko tamaina duten nanoegiturak antzemateko gai izan behar du.

Garapena ikerketa-programa zabalago baten baitan gauzatuko da (Plan Nazionalak finantzatuta). Horretan, Bartzelonako Mikroelektronikako Zentro Nazionalak ere parte hartzen du eta, oro har, silizioko nanohariak lortzeko helburua dauka baita ere (nanopartikulak selektiboki jartzearen bidez eta lurrun-fasean nanoharien lagatze kimikoaren ondorioz nanohariak haztearen bidez), eta era berean sentsore biokimiko berriak ekoiztera bideratutako elektrodo interdigitatuak lortu nahi ditu.

TEKNIKERen jarduera berri horiek guztiak, mikro eta nanoteknologiei dagozkienak, MICROGUNE Ikerketa Kooperatiboko Zentroaren jardueren baitan daude, eta TEKNIKERen instalazioei dagokie mikro/nano ingeniaritzaren esparrua.

Iñaki Goenaga kalea, 5 · 20600 Eibar · Gipuzkoa · Spain  Tel: 943.20.67.44 / 943.25.69.00 · Fax: 943.20.27.57