Edukira joan

Albisteak

Albisteak

  • 2012-07-05
  • IK4-k eta Monterreyko (Mexiko) Teknologikoak bat egin dute I+G+Ba sustatzeko

2012-07-05

IK4-k eta Monterreyko (Mexiko) Teknologikoak bat egin dute I+G+Ba sustatzeko

Lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur bi erakundeek ikerketa-estrategiak koordinatzeko, proiektu bateratuak egiteko, ikertzaileak trebatzeko eta teknologia eta ekintzailetzako ekimenak trukatzeko.

Compartir:

Colaboración IK4-TECMonterrey

Europako lehen 10 korporazio teknologiko pribatuetako bat eta Latinoamerikako hezkuntza-erakunde ospetsuena dira.

Gaur Bilbon egin den IK4-ren Batzorde Estrategikoaren bilkuran sinatu da hitzarmena; bilkuran adierazi da nazioartekotzea dela Aliantzaren erronka nagusia.

I+G+Baren alorreko lankidetzak eta indarrak batzeak ez du mugarik ezagutzen, eta hasia da, dagoeneko, europar eremua gainditzen eta Atlantikoaz beste aldean itun sendoak egiten. Teknologiaren alorrean Europako eta Amerikako ordezkari gailenen arteko harremanak estutzeko zereginean, guztizko urratsa egin dute IK4 euskal aliantza teknologikoak eta Monterreyko (Mexiko) Teknologikoak, lankidetza-hitzarmen bat sinatu baitute ikerketa-estrategiak koordinatzeko, proiektu bateratuak egiteko, ikertzaileak trebatzeko eta teknologia eta ekintzailetzako ekimenak trukatzeko.

Mexikok eta Europar Batasunak sinatua duten Zientzia eta Teknologiarako Lankidetza-hitzarmenaren esparruan eta Espainiako eta Mexikoko gobernuek I+G+Ba sustatzeko sinatu dituzten aldebiko lankidetza-hitzarmenen pean, Atlantikoaz gaindiko lankidetza hori edukiz hornitzeko ekimen bat gidatzea erabaki dute IK4-k eta Monterreyko Teknologikoak. Eta abal handi batez egin dute, egin ere: IK4 Europako lehen 10 korporazio teknologiko pribatuetako bat da, eta finantzaketa pribatuari dagokionez lehena; Monterreyko Teknologikoa, berriz, Latinoamerikako hezkuntza-erakunde aintzatetsiena da.

Gaur goizean sinatu dute lankidetza-hitzarmena IK4-ko lehendakari Jesus Maria Iriondok eta Monterreyko Teknologikoko Ikerkuntza, Ekintzailetza eta Gizarte Garapeneko errektoreorde Arturo Molinak, eta bi urteko indarraldia izango du. IK4-ren Batzorde Estrategikoaren ohiko bilkurarekin batera izan da Bilbon hitzarmena sinatzeko ekitaldia; organo horrek aholkatzen du, izan ere, aliantza haren gogoeta estrategikoan eta horrexek identifikatu du, hain zuzen, nazioartekotzea Aliantza Teknologikoak duen erronka nagusi moduan.

Hitzarmenak zenbait alor aipatzen ditu lankidetza gauzatzean haietan jarduteko: ikertzaileak -irakasleak zein doktorego- eta trebakuntza-programetako ikasleak- trukatzea; ikerketa-egonaldiak, doktore-tesiak, master-amaierako proiektuak; ikertze-estrategien koordinazioa; talentua batera erakartzea; teknikari, ikertzaile eta zuzendariak trebatzeko planetan batera jardutea; aktibo teknologikoak transferitzeko unean batera jardutea; eta ekintzaileak trebatzea eta haiei laguntzea.

IK4ko lehendakari Jesus Iriondoren hitzetan, hitzarmenak "jauzi kualitatibo handia dakarkio" korporazio teknologikoaren aliantzen estrategiari, bai dimentsioagatik, bai Monterreyko teknologikoaren ospeagatik. Iriondoren iritziz, Atlantikoaren bi aldeen artean hitzarmenak mamitzeak berak "bi aldeak sendotzen ditu gero eta globalagoa eta lehia handiagokoa den testuinguruan".

Monterreyko Teknologikoko Ikerkuntza, Ekintzailetza eta Gizarte Garapeneko errektoreorde Arturo Molinak, berriz, esan du akordio honek elkarlanerako aukera berriak zabaltzen dituela, izan ere "Mexiko aukera ezinhobea baita euskal enpresarako". Bere esanetan, egun bizi dugun testuinguruan Monterreyko Teknologikoa aliatu indartsu bezain emankorra da".

Batzorde Estrategikoa

Gaur goizean izan da sinatze-ekitaldia, IK4ren Batzorde Estrategikoak EHUren Bilboko paraninfoan egin duen osoko bilkuraren barruan. Ospe handiko berrogei lagunek, Euskal Herriko enpresa, erakunde, unibertsitate eta eragile zientifiko-teknologiko garrantzitsuenen ordezkari, osatzen dute Batzorde Estrategikoa, eta haiek definitu dituzte IK4ren gogoeta estrategikoaren funts eta oinarri diren sei alorrak. Hauek, alegia:

ezagutzaren merkatuaren globalizazioa, espezializazioa, berrikuntza-sistemen eraginkortasuna, enpresekiko eta gizartearekiko komunikazioa, pertsonen eta sare sozialen garrantzia eta ikuspegi estrategiko baten zerbitzura dagoen gobernu-ereduaren aldeko apustua.

Testuinguru horretan, abian den gogoeta estrategikoak nazioartekotzea nabarmentzen du IK4ren erronka nagusi moduan, Aliantzako enpresa bezeroentzako aukera bat dela iritzita. Izan ere, Aliantzak berak babesa eta laguntza teknologikoa eskaintzen die merkatu globaletan ere lehiakorrak izan daitezen.

IK4 Aliantzak 2009-2012ko Plan Estrategikoaren azken txanpari EAEko industriari eta ezagutzaren merkatu orokorrari begira ekiten dio, gogoeta-prozesu hau aurten argitaratuko den 2012-2016ko Plan Estrategikoarekin lotuz.

IK4-ri buruz

IK4 Aliantza Teknologikoak Euskal Herriko bederatzi zentro teknologiko biltzen ditu (AZTERLAN, CEIT, CIDETEC, GAIKER, IDEKO, IKERLAN, LORTEK, TEKNIKER eta VICOMTECH); hala, 1.430 profesional baino gehiago ditu korporazioak. Datozen urteei begira, lau eremu estrategiko identifikatu ditu Aliantzak I+G+Ban jarduteko: energia, osasuna, garraioa eta mugikortasuna, eta fabrikazio aurreratua. 2011n, 103 milioi euroko diru-sarrerak izan zituen IK4 k; horrek esan nahi du Europako lehen 10 korporazio teknologiko pribatuen artean dagoela

Iñaki Goenaga kalea, 5 · 20600 Eibar · Gipuzkoa · Spain  Tel: 943.20.67.44 / 943.25.69.00 · Fax: 943.20.27.57