Edukira joan

Albisteak

Albisteak

  • 2012-03-06
  • EAEk makina-erremintan dituen ahalmenak erakutsiko dizkio munduari

2012-03-06

EAEk makina-erremintan dituen ahalmenak erakutsiko dizkio munduari

EAEko makina-erremintaren sektoreak bere ahalmena erakutsiko du IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak antolatutako nazioarteko biltzar batean.

Compartir:

Logotipo HSM

Ekitaldia Donostiako Kursaal Jauregian egingo da bihar (martxoak 7) eta ostegunean (martxoak 8), eta 20 herrialde baino gehiagotako 150 parte-hartzailetik gora izango dira; nabarmentzekoa da amerikar, europar eta asiar jatorriko parte-hartzaile kopurua.

Espainiako makina-erreminta -EAEk osatzen du sektorearen % 80- Europako Batasunean hirugarren dago ekoizpenaren eta esportazioaren alorrean, eta hamargarren, nazioartean.

EAEk makina-erremintaren sektorean duen ahalmena erakutsiko dio munduari Nazioarteko IX. High Speed Machining Biltzarrean. Biltzarra Donostiako Kursaal Jauregian egingo da bihar (martxoak 7) eta ostegunean (martxoak 8), eta IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak antolatuko du.

Aurtengo Biltzarraren gaia "Berrikuntza Makina Erremintan" izango da, eta 20 herrialde baino gehiagotako 150 parte-hartzailetik gora izango dira; nabarmentzekoa da amerikar, europar eta asiar jatorriko parte-hartzaile kopurua. Ekitaldiaren nazioarteko izaera IK4-TEKNIKERekin batera antolakuntza-batzordean dauden erakundeek bermatzen dute: Nanjing-eko National University of Aeronautics and Astronautics (Txina), Darmstadt-eko Unibertsitate Teknikoko PTW Institutua (Alemania), Pragako (Txekiar Errepublika) Research Centre of Manufacturing Technology eta Metz-eko (Frantzia) (PM)2.

Deialdiak izandako erantzunaren nazioartekotasuna EAEko makina-erremintaren eta fabrikazioaren sektoreak duten aintzatespen globalari zor zaio. IK4-TEKNIKERek, erakunde antolatzaile den aldetik, uste du biltzarrak aukera emango duela EAEko enpresak harremanetan jartzeko mundu osoko enpresekin, bai eta unibertsitateekin eta sektore horretan erreferentzia diren kontinente guztietako ikerketa-zentroekin ere.

Makina Erreminten Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak emandako datuen arabera, Espainiako makina-erremintaren sektoreak -EAEko industriak osatzen du sektorearen % 80 inguru- 631,9 milioi euro fakturatu zituen 2010ean. Europako Batasunak herrialde ekoizle eta esportatzaile nagusiei buruz egindako sailkapenean, Espainia laugarren dago; mundu mailako sailkapenean, berriz, hamargarren.
Esportazioa ekoizpenaren balio osoaren % 76,6 izan zen, eta 484,2 milioi eurora iritsi zen. Kanpo-salmentetarako helburu-herrialde nagusiak hauek izan ziren: Alemania (sektoreak esportatutako guztiaren % 17), Txina (% 11,1), Brasil (% 7,47), India (% 6,8), Italia (% 5,3), Frantzia (% 5,2), Mexiko (% 4,8), Portugal (% 4,8), Estatu Batuak (% 4,5) eta Errusia (% 3,6).

Biltzarra

Biltzarraren bigarren eguneko saioa (industria-sektoreari buruzkoa) da ekitaldiko hitzordurik aipagarrienetariko bat, zenbait enpresa garrantzitsutako  -hala nola Gamesa, Aernnova, ITP, GoiAlde, DMP eta DanobatRailwaySystems- ordezkariek fabrikazioan dituzten esperientziak azalduko baitituzte. Saio horretan, fabrikazioaren eta makina-erremintaren sektorean IK4 Aliantza Teknologikoan dituzten baterako ahalmenak aurkeztuko dituzte IK4-TEKNIKERek eta IK4-IDEKOk.

Biltzarrak zientzia-alderdi garrantzitsua izango du; izan ere, mekanizazioari, makina-erremintari eta horiekin lotutako beste azpisektore batzuei buruzko "paper" ugari aurkeztuko dira. Gainera, Kursaal Jauregiko zenbait gelatan makina-erremintaren erabilerari eta eraikitzeari buruzko 53 hitzaldi espezializatu emango dira.

Ekitaldian, halaber, EAEko nahiz atzerriko enpresen eta zentro teknologikoen produktuak eta zerbitzuak erakutsiko dira zenbait stand-etan; zentro horien artean daude Fagor Automation, eta IK4-TEKNIKER eta IK4-IDEKO zentro teknologikoak.

Abiadura handiko makinen IX. Biltzarraren babesle dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa, CIC marGUNE ikerketa-zentro kooperatiboa eta Ekoizpen Ingeniaritzako Nazioarteko Akademia (CIRP).

IK4-TEKNIKER

IK4-TEKNIKER, biltzarraren antolatzailea, erreferentzia da fabrikazioaren alorrean, batez ere material-harroketari dagokionean, hori baita hiru hamarkadatan arreta gehien jarri dion alderdi sektorial eta teknologikoetariko bat. Hala, agente garrantzitsu bihurtu da makina-erremintako fabrikatzaile ugari eta erabiltzaile aipagarriak -automozioaren sektore laguntzailea eta sektore aeronautikoa, besteak beste- dituen ingurune batean.

Teknologia aplikatuaren ikerkuntzan eta hura enpresei transferitzen ia 30 urteko esperientzia izanik, IK4-TEKNIKERek espezializazio-maila altua lortu du lau eremu handitan (doitasun-ingeniaritza eta mekatronika, gainazalen ingeniaritza, ekoizpen-ingeniaritza eta automatizazioa eta fabrikazio-teknologiak), eta, horri esker, bere abangoardiako teknologia edozein lanen zerbitzura jar dezake.

Iñaki Goenaga kalea, 5 · 20600 Eibar · Gipuzkoa · Spain  Tel: 943.20.67.44 / 943.25.69.00 · Fax: 943.20.27.57