Edukira joan

Albisteak

Albisteak

  • 2012-01-17
  • eHealth-i buruzko Nazioarteko Mintegia

2012-01-17

eHealth-i buruzko Nazioarteko Mintegia

Teknologia-nahasketa bat osasunaren zerbitzura

Compartir:

Micronanotecnologías

Tekniker-IK4k osasun-zientzietarako diziplina anitzeko hurbilketa aurkeztuko du bihar Bilbon, Connected Health 2012 nazioarteko workshopean
Zentro teknologikoarekin batera, nazioarteko goi-mailako zenbait enpresa izango dira han; Google, Oracle eta Orange, besteak beste.
Euskal erakundeak bere azken proiektuak erakutsiko ditu: gaixotasunak hautemateko txip nanoteknologikoak, laguntza-robotak, pazienteak kontrolatzeko plataforma informatikoak eta abar

 Teknologiek ahalmen agorrezina dute jendearen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko, eta gizarte modernoek gero eta gehiago eskatzen dute ahalmen hori, osasun-sistemek dituzten presio ekonomiko eta finantzarioen ondorioz.
Hori dela eta, osasun-zaintzan aurrera egiteko enpresa handiek egiten dituzten eskaintzek askotariko ikuspegietatik heltzen diote erronka horri, hasi sistema bera antolatzetik, eta pazienteak urrutitik kontrolatzeko mekanismoetaraino.
Tekniker-IK4 euskal zentro teknologikoak bere ikuskera diziplina anitzekoa eta arlo horretako azken garapenak aurkeztuko ditu bihar Bilbon, Connected Health nazioarteko worshopean; osasun-zientziei aplikatzen zaizkien teknologiarik aurreratuenak dituzten enpresetako batzuk elkatuko dira han.
Tekniker-IK4ko Teknologia Sozialeko eta Osasuneko arloaren koordinatzaile Patricia Caslak nazioarteko goi-mailako zenbait enpresaren ordezkariekin partekatuko du atrila, Google, Oracle eta Orangeren ordezkariekin besteak beste; berrikuntza eta urrutiko monitorizazioa izango ditu ardatz haren hitzaldiak.
Euskal zentroak osasunaren arlorako hurbilketa diziplina anitzeko bat dauka, zenbait arlotako azken aurrerapenak -sistema adimendunak, robotika, mikro eta nanoteknologiak eta mekatronika, besteren artean- konbinatzen dituzten irtenbideak eskaintzen dituena. Haren garapenen artean, odol-laginen analisi aurreratuak egiteko gailuak, digestio-sistemako gaitzak detektatzeko txip nanoteknologikoak, laguntza-robotak eta pazienteak kontrolatzeko plataforma informatikoak daude.

Lau ikerketa-laborategi
Tekniker-IK4k lau ikerketa-laborategitan antolatzen ditu osasun-arloko bere garapenak: laguntza robotikoa, ingurumen-ikuspegia eta -teknologia; elektronika eta haririk gabeko komunikazioa; mikroteknologiak eta nanoteknologiak; eta ekoizpen aurreratuko prozesuak.
Proiektuetako askoren ezaugarria da askotariko esparruetako teknologiak irtenbide berean egokitzea. kroniTek proiektua, adibidez, da sistema informatiko bat garatzea gaixo kronikoen beharrak nonahitik kudeatzeko. Sistema horren bidez, parametro biometrikoak telemonitorizatu daitezke, pazientearen jardueraren jarraipena egin urrutitik, alertak kudeatu eta aplikazio mugikorrak garatu.
Tekniker-IK4k, gainera, odoleko koagulazio-maila monitorizatzeko gailu eramangarri bat garatu du, antikoagulatzaileen ahotiko tratamendua jasotzen duten pazienteen bizi-kalitatea hobetzea helburutzat hartuta. microINR izeneko proiektu horren xedea pazienteen autokontrola da.

Mintegia
Urrutiko monitorizazioaz gain, Connected Health 2012 mintegiak -goizez eta arratsaldez egingo da- beste gai batzuk landuko ditu; tartean, hauek: "mHealth teknologiak edo osasuna mugimenduan", "Elkarrekintzaren erronkak" eta "pazientearen esperientzia".
Ekitaldian edonork har dezake parte; beraz, osasunaren arloarekin zerikusia dutenek edo besterik gabe joan nahi dutenek webgunean erregistratu baino ez dute egin behar workshopera joateko.
Ándago enpresak antolatzen eta Continua Health Alliancek sustatzen duen mitegi hori Continua Plugfest #015en atarikoa izango da. Teleosasunaren industriako enpresen arteko truke profesionalerako topaketa hori ere Bilbon izango da.


Tekniker-IK4
Teknologia aplikatuaren ikerkuntzan eta hura enpresetan transferitzen ia 30 urteko esperientzia izanik, Tekniker-IK4 zentro teknologikoak, teknologia sozialaren eta osasunaren teknologiaren garapenean aurrera egiteaz gain, espezializazio-maila altua lortu du lau eremu handitan (Doitasun Ingeniaritza eta Mekatronika, Gainazalen Ingeniaritza, Ekoizpen Ingeniaritza eta Automatizazioa, eta Fabrikazio Teknologiak), eta, horri esker, bere abangoardiako teknologia enpresen eta gizartearen zerbitzura jar dezake.

Iñaki Goenaga kalea, 5 · 20600 Eibar · Gipuzkoa · Spain  Tel: 943.20.67.44 / 943.25.69.00 · Fax: 943.20.27.57