2011-05-13
Sistema teknologiko hori enpresa-, politika- eta komunikazio-liderrei zuzendutako trebakuntza-programetan erabiliko da.
(Bilbon, 2011ko maiatzean). ‘Traje adimendun' batean oinarritutako sistema, liderrek entzuleengan eragiteko duten gaitasuna areagotzea helburu duena. Trajea haririk gabeko sentsoreak dituen elastiko batez osatua dago, eta gai da komunikazio-ekintza batean lider baten eraginkortasuna murrizten duen keinu motorra denbora errealean detektatzeko. Aurrerapen teknologiko hori liderrak trebatzeko programa baten parte da, eta bi enpresaren artean garatu dute: Adur Emotional Gym enpresa (Bilbon du egoitza, eta liderren gaitasun pertsonalak indartzean espezializatuta dago) eta Eibarko Tekniker-IK4 zentro teknologikoa.
Tresna teknologiko horren prototipoak arrakastaz gainditu du lehenengo proba, eta arduradunek haren patentea eskatu dute. Prototipo hori elastiko baten gainean kokatutako 17 sentsorez osatua dago, eta sentsore horiek ordenagailu bati konektatuta daude, haririk gabe. Aplikazioak liderraren gorputzaren posizioa eta arkitektura aztertzen ditu, eta, software espezifiko baten bidez, keinu motor eraginkor gisa hautatutako ereduarekin konparatzen ditu. Trajea erosoa eta arina da, eta arropa arrunt baten azpian ezkuta daiteke.
Hartara, dagokion trebakuntza pertsonalizatuarekin, liderrak eraginkortasun-maila handiena lortzen du.
Ikusizko eta entzumenezko feedbacka
Trajea jantzita duen pertsonaren mugimendu errealak egiten dituen pertsonaia bizidun baten bidez, aplikazioak feedback bat eskaintzen dio erabiltzaileari; keinu motor eraginkor gisa hautatutako eredutik aldentzen diren eta lider gisa duen indarra mugatzen dioten gorputz-atalak zein diren adierazten dio. Denbora errealeko diagnostiko horrek aukera ematen dio erabiltzaileari eraginkorra ez den keinu motorra sentitzeko, eta hori da trebakuntzaren bidez keinu hori hobetzen lagunduko dion lehenengo urratsa.
Sistema hau biomekanikaren, mugimendu-neurofisiologiaren eta gorputz-jarreraren ekarpenetan oinarrituta dago. "Kontua ez da antzerkia egitea; kontua da gorputza modu egokian erabiltzea, eskarmentu pertsonala eta komunikazio eraginkorra adieraz ditzan", azaldu du Adurreko zuzendari Alejandro Lasak.
Lasak nabarmentzen du keinu motorra "lider baten gomendiozko gutuna" dela, eta, bere ustez, "gorputzarekin bat etortzen ez badira, hitzek ere sinesgarritasuna galtzen dute". 'Traje adimendunak' eskainitako emaitzetatik abiatuta, hainbat coaching-saioren bidez trebakuntza egiteko oinarria jartzen da.
Ikaskuntza sistematizatu bat da, eta, tresnaren eta entrenatzaile pertsonal baten ekarpenekin, liderrak bere benetako Keinu Motor Eraginkorra ateratzea lortzen du, gero egoera profesionaletan erabili ahalko duena.
Keinu Motor Eraginkorra menperatzeko trebakuntza-programan, ‘traje adimendunarekin' egindako hiru saio praktiko, hiru hilabeteko jarraipen pertsonalizatua eta birziklatze-saio bat egiten dira.
Tekniker-IK4ren ekarpen teknologikoa
Tekniker-IK4ren ekarpen teknologikoa behar-beharrezkoa izan da sistema garatzeko; izan ere, zentro teknologikoa aplikazioa garatzeaz eta keinu motor eraginkorraren eredua sortzeko parametro egokiak aukeratzeaz arduratu da.
Iñaki Maurtua zentro teknologikoko Sistema Autonomo Adimendunen Unitateko arduraduna da, eta, haren ustez, Tekniker-IK4ren papera "oinarrizko bi ekarpenetan" oinarrituta dago: alde batetik, trajearen "17 sentsoreen denbora errealeko tratamendua" eta Adur-ek emandako keinu motor eraginkorraren "ereduaren araberako sailkapena", eta, bestetik, "trebatzen ari den pertsonaren feedbacka ematea, ahotsa, testua eta abatar birtual bat erabilita". Gainera, Maurtuak azpimarratzen du proiektu hau "aplikazio-eremu erabat berria" dela teknologia horrentzat, irakaskuntzaren esparrutik atera eta enpresa erreal bati balio erantsi bat ematen diolako.
Tekniker-IK4ren Sistema Autonomo Adimendunen Unitateak hiru esparrutan egiten du lan: robotikan, ikuskaritzan eta interakzioan. Maurtuaren ustez, izaera desberdineko sentsoreekin lan egiteko eta ematen duten informazioaren tratamendu adimenduna egiteko beharrak batzen ditu hiru esparru horiek.
Teknologia aplikatuaren ikerkuntzan eta hura enpresetan transferitzen ia 30 urteko esperientzia izanik, Tekniker-IK4 zentro teknologikoak espezializazio maila altua lortu du lau eremu handitan (Doitasun Ingeniaritza eta Mekatronika, Gainazalen Ingeniaritza, Ekoizpen Ingeniaritza eta Automatizazioa eta Fabrikazio Teknologiak), eta, horri esker, bere abangoardiako teknologia edozein lanen zerbitzura jar dezake.
Adur, liderren trebakuntza emozionala
Bere aldetik, Adur Emotional Gym enpresa 20 urtetik gorako ikerkuntza egin duen coaching-enpresa bat da, eta liderrak trebatzea du helburu, zientifikotzat aintzatetsitako interbentzio-eredu diferentzial berritzaile bat erabilita. Hainbat esparrutako liderren gaitasun pertsonalak hobetzeko, neurozientziaren azken aurrerabideak erabiltzen ditu.
Informazio gehiago [PDF 128,4 KB]