Edukira joan

Albisteak

Albisteak

  • 2011-04-08
  • Reiner Microtek-ek enpresa teknologiko berri onenaren Toribio Echevarria saria jaso du

2011-04-08

Reiner Microtek-ek enpresa teknologiko berri onenaren Toribio Echevarria saria jaso du

Plastiko-mikroinjekzioetan espezializatutako enpresa hau 2008an sortu zen, Reiner enpresaren eta Tekniker-IK4 zentro teknologikoaren ekimen bateratuari esker

Compartir:

Logo Reiner Microtek Atzo Eibarren egindako ekitaldian eman zioten saria.

Reiner Microtek gipuzkoar enpresak, plastiko-mikroinjekzioan espezializatua dagoenak, enpresa teknologiko berri onenaren Toribio Echevarria saria jaso zuen atzo, Eibarren. Reiner enpresaren eta Tekniker-IK4 zentro teknologikoaren aliantzari esker sortu zen, 2008an, eta hainbat aplikaziotarako plastikozko mikropiezak egiten ditu (ortodontziarako bracket-ak, osasun-arloko infusioetan erabiltzeko mikroengranajeak eta piezak eta abar).

Atzo arratsaldean Eibarko Coliseoan egindako ekitaldian, Reiner Microtek-ez gain beste enpresa hauek ere jaso zituzten Toribio Echevarria sariak, beste kategoria batzuetan: Wattio, Luix, Regennia, Ingeniería y Soluciones edo Grupo Egile XXI. Ekitaldian, hauek parte hartu zuten: Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia; Xabier Garmendia, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Energiako sailburuordea; Jose Ramon Guridi, Gipuzkoako Berrikuntzako diputatua; Juan Jose Garayar Eusko Jaurlaritzako Garapen Industrialeko zuzendaria eta Miguel de los Toyos, Eibarko alkatea.
Eibarko Udalak eta Bic Gipuzkoa Berrilan-ek sustatzen dituzten Toribio Echevarria sariek ekimena, gaitasun ekintzailea, sormena eta enpresen garapena bultzatu nahi dituzte, bereziki berrikuntza teknologikoan.

Enpresa teknologiko berri onenaren aurtengo saria Reiner Microtek-ek jaso du. Enpresa hau plastikoen injekzioan eta puztean espezializatutako Reiner enpresaren eta Tekniker-IK4 zentro teknologikoaren ekimen bateratua da. 2008an sortu zen, Tekniker-IK4k enpresa-sarea eta lanpostu kualifikatuak sortzeko estrategiaren barruan sustatutako ekimenaren emaitza gisa. Deban dago enpresa, eta instalazio modernoak ditu; injekzioko gela zuria, eta balio teknologiko handiko ekipamendua, esate baterako.

Sektore hauetan aplikatzen du bere teknologia, besteak beste: osasuna, farmazia, bioteknologia, elektronika eta erlojugintza. Fabrikatutako piezen artean, nabarmentzekoak dira ortodontziarako bracketak, hortzen inplanteetarako gehigarriak, eta osasun-arloko infusioetan erabiltzeko mikroengranajeak eta piezak.

Horrekin batera, eta I+Gn duten jarduerari esker, Reiner Microtek-ek "Reiner Bio" marka sortu du, eta hortz-protesientzako gehigarrien katalogoa osatu du, doitasunezko mikropiezen katalogoa, hain zuzen ere.

Iñaki Goenaga kalea, 5 · 20600 Eibar · Gipuzkoa · Spain  Tel: 943.20.67.44 / 943.25.69.00 · Fax: 943.20.27.57