Edukira joan

Albisteak

Albisteak

  • 2011-01-28
  • TEKNIKER-IK4k hitzarmen bat sinatu du Neutroi Iturri Europarrarekin, haren diseinuan parte hartzeko

2011-01-28

TEKNIKER-IK4k hitzarmen bat sinatu du Neutroi Iturri Europarrarekin, haren diseinuan parte hartzeko

ESSko zuzendari nagusia (Suedian du egoitza zentroak) Bilbon izan zen atzo, hitzarmenari ofizialtasuna emateko

Compartir:

Visita ESS AB

EAEko zentro teknologikoak 4 milioi euro baino gehiagoko balioa duten garapen zientifikoak egingo ditu

Tekniker-IK4k eta ESS Espalazio bidezko Neutroi Iturri Europarrak (Lund-en, Suedian, du egoitza) hitzarmen bat sinatu zuten atzo. Hitzarmen horren arabera, EAEko euskal zentro teknologikoak Europako instalazio zientifikorik handienaren diseinu-eguneraketaren zati bat gidatuko du hurrengo bi urteetan, eta 4 milioi euro baino gehiagoko balioko garapenak egingo ditu. Hitzarmena sinatzeko ekitaldia Bilbon izan zen, eta Alejandro Bengoa Tekniker-IK4ko zuzendari nagusiak eta Colin Carlile ESSko zuzendari nagusiak hartu zuten parte.

Hitzarmenaren arabera, EAEko zentro teknologikoa arduratuko da aurten eta hurrengo urtean, Europan, azeleragailua eta horren funtzionamendu egokirako azpiko sistemak eguneratzeaz; instalazioaren elementu kritikoak izango ditu, beraz, helburu.

Horrela, Tekniker-IK4 Europako instalazio zientifiko handienaren gune erabakigarrian sartu da, honako hauek lankide dituen talde baten buru: Suitzako Ikerkuntza Nuklearrerako Europako Erakundea (CERN), Frantziako Fisika Nuklearraren eta Partikulen Fisikaren Institutu Nazionala (IN2P3), Alemaniako Materiaren Egituraren Ikerkuntza Zentro ospetsua (DESY), Amerikako Estatu Batuetako SNS eta instalazioetan punta-puntakoak diren zenbait enpresa, hala nola Air Liquide eta Linde.

Tekniker-IK4ren lana soluzio teknologiko sorta handi baten eguneraketan oinarrituko da, hauek barne: azeleragailu linealaren sistema elektrikoa, sorkuntza-sistema, sortaren barrunbeko huts altuaren kontrola eta mantentze-lanak, azeleragailuaren barrunbeetara helio likidoa eramaten duen instalazio kriogenikoaren garapena, eta horren atalen prototipo funtzionalen garapena eta modelaketa.

Beraz, oso garrantzi handiko desafio teknologiko eta zientifiko baten aurrean gaude, Europako instalazio zientifikoen proiektu nagusiaren berezitasuna, konplexutasuna eta dimentsioa dela eta. Tekniker-IK4ri esleitu zaio hura abian jartzeko puntu kritikoetako bat, zehaztasuneko ingeniaritzan eta instalazio zientifikoetan duen esperientzia eta espezializazioagatik.

Tekniker-IK4, proiektuan duen funtzioa dela eta, Espalazio Iturriaren diseinua eguneratzeko proiektua eta haren eraikuntza aurrera eramango duen partzuergoa lotzeko zubi bihurtu da: makinaren diseinuaren eta eraikitzaileen arteko zubi, alegia. Lan horretan, EAEko zentroaren helburuetako bat da Espalazio bidezko Neutroien Iturri Europarraren eraiketan industria espainiarraren parte-hartzea ahalbidetzea.

Alderdi teknologikoan, EAEko zentroaren desafio nagusietako bat instalazio-mota horien efizientzia hobetzea da, kontsumo energetikoa, hari loturiko kostuak eta instalazioaren aztarna ekologikoa gutxitzeko. Tekniker-IK4k koordinatuko du ESSren energia-iturri berriztagarrien aldeko apustua, eta iturri berriztagarrien bitartez asetako energia kontsumoa maximizatzen saiatuko da.


ESS, munduko neutroi-iturririk ahaltsuena

Europako zientzia-komunitateak proiektu honekin duen helburua da teknologia-mota horretan munduko abangoardian kokatzea, arlo horretan une honetan lider diren AEB eta Japonia gaindituz.

2009aren hasieratik, ESS proiektua aurreraikuntza-fasean dago, eta 2012aren bukaeran amaituko da. Hor kokatzen da Tekniker-IK4ren eginkizun den diseinu-eguneratzea. 2019rako iturria abiaraztea espero da, eta 2025ean guztiz operatibo egotea. Instalazio osoaren kostua 1.480 milioi eurokoa izango dela kalkulatzen da.

Izango dituen aplikazio garrantzitsu eta askotarikoei esker, ESS munduan lehen mailako instalazio zientifikoa izango da industria-ikerketarako eta -garapenerako. Ikuspegi zientifikotik, ikertzaileentzako aukeren mundu berri bat irekiko du jakintzaren hainbat diziplinatan: kimika, energia, nanoteknologiak, ingurumen-ingeniaritza, elikadura eta ikerketa farmazeutikoa, esaterako.

Neutroi-iturria mikroskopio erraldoi batekin aldera daiteke. Neutroiak materia aztertzeko erabiltzen dira, eta lotutako zehaztasun handiko tresnek instalatutako laginen analisi zehatza egiten laguntzen dute. Labur esanda, ESSk naturaren legeen gure ezagutza handitzen lagunduko du, eta ESS erabiliz egindako ikerketen emaitzak funtsezkoak izango dira garapen tekniko eta zientifikorako. Ideia sortu zenetik (1993), 11 herrialdetako 300 zientzialarik baino gehiagok hartu dute parte ekimenaren definizioan, jada 15 urte baino gehiago abian daraman garapenean.

Tekniker-IK4ren esperientzia

ESS abian jartzeko Tekniker-IK4 eragile nagusi hautatzeko, erabakigarria izan da Europako instalazio handientzako garapen zientifikoetan duen esperientzia. Hain zuzen, haietako lauk EAEko teknologia dute, Tekniker-IK4k haien proiektuetan parte hartu duelako. Zentro teknologikoak dozena bat garapen zientifiko baino gehiago egin ditu instalazio horientzat azken hamar urteotan, eta beste batzuk ere baditu proiektuan.

Teknologia aplikatuaren ikerkuntzan eta hura enpresetan transferitzen ia 30 urteko esperientzia izanik, Tekniker-IK4 zentro teknologikoak espezializazio maila altua lortu du lau eremu handitan (Doitasun Ingeniaritza eta Mekatronika, Gainazalen Ingeniaritza, Ekoizpen Ingeniaritza eta Automatizazioa eta Fabrikazio Teknologiak), eta, horri esker, bere abangoardiako teknologia edozein lanen zerbitzura jar dezake.

Iñaki Goenaga kalea, 5 · 20600 Eibar · Gipuzkoa · Spain  Tel: 943.20.67.44 / 943.25.69.00 · Fax: 943.20.27.57