Edukira joan

Albisteak

Albisteak

  • 2010-12-15
  • Eibarko Polo Teknologikoko ‘lehenengo harria´

2010-12-15

Eibarko Polo Teknologikoko ‘lehenengo harria´

130.000 metro karraturekin, goi mailako prestakuntzako 1.500 enplegu sortuko ditu, puntako I+G+b enpresak, campus teknologiko bat eta Tekniker-IK4ren egoitza berria hartuko ditu.

Compartir:

Polo Tecnológico Eibar

Ekitaldian izan dira Patxi López lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Miguel de los Toyos Eibarko alkatea.

2011n martxan izango den Eibarko Polo Teknologikoaren lehenengo harria gaur goizean jarri dute. Ekitaldian izan dira Patxi López lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Miguel de los Toyos Eibarko alkatea eta Alejandro Bengoa Tekniker-IK4ko zuzendari nagusia. Horrez gain, politikari eta enpresari ugari bildu ditu ekitaldiak. 
Eibarko Polo Teknologiko berria Tekniker-IK4k sustatzen du, eta Eibarko zentro teknologiko horren instalazio berriez gain, balio erantsi handia eta zerbitzu aurreratuak eskainiko dituzten enpresa teknologiko garrantzitsuak hartuko ditu. Polo berriko enpresa gehienak I+G+b-n espezializatuta egongo dira, eta besteak beste, garraioaren, mekatronikaren, elektronikaren, osasunaren eta energiaren arlokoak izango dira.
Lehen mailako enpresa-gune berria Espainiako Teknologia eta Zientzia Parkeen Elkarteko (APTE) kidea da jada, eta bere xedea Euskadin puntako erreferente teknologikoa eta ikerketa aurreratuko poloa izatea da. Izan ere, gaur egungo zailtasun ekonomikoek ekoizpen-eredua aldatzea eskatzen dute.
 
Eibarko Polo Teknologikoak 130.000 metro karratu baino gehiagoko azalera izango du, eta 1.500 enplegu sortzea espero du. Horietako gehienak goi mailako prestakuntza jaso dutenentzako izango dira.

Erakundeen babes handia
Proiektuak erakundeen babes handia jaso du, hasieratik, eta hala erakutsi da gaur goizeko ekitaldian ere. Eibarko Polo Teknologikoa babesten duten Administrazioek euskal eskaintza teknologikoa antolatzen lagundu nahi dute, enpresa-gune bikain bat sortzeko.
Tekniker-IK4ren egoitzaz gain, polo berriak beren sektoreetan liderrak diren enpresak hartuko ditu. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, Polo Teknologikoak campus teknologiko bat izango du. Eibarko Armeria Eskolak ere esparru-hitzarmen bat sinatu du Eibarko Polo Teknologikoarekin (UPV/EHUrekin sinatutakoaren antzekoa), parkean zentro berri bat ireki eta bere instalazioak hedatzeko.

Tekniker-IK4k 20 milioi euro inbertitu ditu bere egoitza berrian
Proiektuaren sustatzailearen egoitza berriak aparteko aipamena merezi du. Izan ere, Tekniker-IK4 zentro teknologikoak poloan zabalduko duen egoitza berriak 13.800 metro karratu izango ditu. Horretarako, Eibarko zentroak 20 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egingo du. Gaur egun, 260 langile ditu eta urtean %10 hazteko aurreikuspen iraunkorrak ditu.
Eibarko zentro teknologikoak ia 30 urte daramatza teknologia aplikatua ikertzen eta emaitzak euskal industriari helarazten. Espezializazio maila handia lortu du lau arlo handitan (Zehaztasun Ingeniaritza eta Mekatronika, Gainazalen Ingeniaritza, Ekoizpen Ingeniaritza eta Automatizazioa eta Fabrikazio Teknologiak), eta horri esker, abangoardiako teknologia jartzen du enpresarien eta gizartearen esku.

Iñaki Goenaga kalea, 5 · 20600 Eibar · Gipuzkoa · Spain  Tel: 943.20.67.44 / 943.25.69.00 · Fax: 943.20.27.57