‘Made in Europe’

Data 15-02-2019 IK4-TEKNIKER

Amaya Igartua IK4-TEKNIKEReko ikertzaile eta EuMat plataforma europarreko idazkarikide zientifikoak elkarrizketa egin du Impact argitalpenerako.

Amaya Igartua IK4-TEKNIKEReko ikertzailea aditua da tribologian, eta EuMaT material aurreratuen plataforma europarraren idazkaritzako arduraduna da 2017tik. Bada, elkarrizketa bat eman dio Impact argitalpenari, Winfried Keiper plataforma bereko industria-arloko idazkarikide doktorearekin batera; izan ere, munduko ikerketa-agente, talde politiko eta unibertsitate nagusiek egiten duten ikerketaren inpaktua hedatzen du Impact argitalpenak.

Elkarrizketan, EuMat zer den azaldu du Amaya Igartuak, bai eta plataformak materialen I+G arloan zein helburu dituen, sektore anitzeko eremua zein duen eta atmosferarako eta ingurumenerako isurketak murriztea ahalbidetuko duten produktu eta prozesu efizienteak diseinatzeko xedea bera zein den azaldu ere.

Halaber, sektore espezifikoen premiak eta aukerak aipatu ditu, materialei eta ingeniaritza aurreratuari dagokienez, eta fabrikazio gehigarriak askotariko aplikazioetarako duen ahala azpimarratu du.

Besteren artean, materialen eta prozesuen propietateen modelatuarekin eta karakterizazioarekin zerikusia duten erronka batzuk nabarmendu ditu, eta materialek benetako ezarpenetan dituzten marruskadura eta higadura iragartzeko orduan teknika horiek duten garrantzia azpimarratu du.

Azkenik, Igartuak azaldu duenez, ´made in Europe´ produktuen iraunkortasunari balioa emateko, iraunkortasuna bera iragartzeaz gain, materialen eta produktuen bizi-zikloa ebaluatu behar da. Era berean, diseinu-fasean hartu behar dira kontuan konponketa, berrerabilpena edo birziklapena, bigarren belaunaldiko materialei bizitza emateari begira, zirkulartasuna ziurtatzeko.

PDF deskarga