IoT Week 2018 biltzarrak Internet of Things-aren esparruko azken joerak eta erronkak aztertuko ditu Bilbon

Data 04-06-2018 IK4-TEKNIKER Tags IoT .

Bizkaiko hiriburuko Euskalduna Jauregiak nazioarteko topagune hori hartuko du ekainaren 4tik 8ra bitarte.

Beste hainbat gairen artean, adimen artifizialak eskaintzen dituen aukerak, Big Datarekin lotuta egin diren azken garapenak, zibersegurtasunaren esparruko erronkak eta datuen babesa aro digitalean edo 4.0 Industria aztertuko dira IoT Week 2018 nazioarteko biltzarrean, ekainaren 4tik 8ra bitarte, Bilboko Euskalduna Jauregian.

IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoak antolatutako topagune horren helburua da Gauzen Interneten esparruko azken joerak aztertzea, 4.0 teknologiekin lotutako albisteak eztabaidatzea eta eremu digitalean zentratutako negozio-eredu berriak arakatzea.

“Where the experts meet, and the future is crafted” esloganari jarraiki, biltzarrak aukera emango du IoT teknologiak industrian, fabrikazioan, elikadura-segurtasunean edo ekonomiarako beste hainbat esparru estrategikotan izan dituen hobekuntzak ezagutu nahi dituzten sektoreko eragileen arteko aliantzak sortzeko eta sendotzeko.

Ekitaldiari hasiera emateko jardunaldiak hitzaldiez beteriko egitaraua izango du eta nazioarteko aditu nabarmenak bilduko ditu. Ekainaren 5ean egingo da eta Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuorde Estíbaliz Hernáez izango da, beste hainbat agintariren artean. Aurtengo edizioan aztertuko diren gai nagusien artean daude IoT-era bideratutako ikerketa eta garapena, 5G teknologiaren konbergentzia, Smart City-ak edo Fabrikazio aurreratua. Topagunean bertan, hitzaldiak eta mintegiak antolatuko dira, workshop-ak egingo dira, eta beren jarduera optimizatzeko eta lehiakortasuna areagotzeko tresna gisa IoT erabiltzen duten startup-en kasu arrakastatsuak ezagutaraziko dira.

Era berean, Biltzarrean IoT-ari buruzko Goi Bilera Orokorra (GloTS) egingo da, IoT-aren esparruko azken berrikuntzei buruzko zientzia-artikuluak aurkezteko eta hautatzeko sortutako ekitaldia.

IK4-TEKNIKERen aurkezpen mamitsua

Sektoreko nazioarteko adituez gain, biltzarrak euskal zentro teknologikoko profesionalen parte-hartzea izango du, eta, hainbat hitzaldiren bitartez, IK4-TEKNIKERek Internet of Things-aren esparruan azken urteotan garatu duen lana aurkeztuko diete bertaratzen direnei.

Besteak beste, Iker Esnaola eta Francisco Javier Díez ikertzaileek parte hartuko dute foroan, eta eraikinen energia-eraginkortasuna hobetzeko IoT osatzen duten gailuetatik eratorritako datuen erabilera eta Teknologia Semantikoen erabilera aztertuko dute euren hitzaldian.

Joseba Izaguirre adituak, bere aldetik, sentsore aurreratuen gaian sakonduko du bere hitzaldian. Ildo horretatik, ikertzaileak sentsore aurreratuen eta IoT-aren esparruan, eta zehazki nekazaritzako elikagaien sektorean, zentroak egin dituen garapen teknologikoen adibide batzuk emango ditu.

Mikel Armendia izango da IoT-aren esparruko aurrerapenekin lotuta Makina-erremintaren egungo joerak aztertzeaz arduratuko dena. Ildo horretatik, Twin-Control –IK4-TEKNIKERek zuzendua– eta MC Suite –IK4-IDEKO zentroak zuzendua– europar proiektuen esparruan egin diren aurrerapenak aurkeztuko ditu bere hitzaldian.

Santos Merino, IK4-TEKNIKER zentroko Mikro eta Nenofabrikazioko arduraduna, zentroak mikro eta nanofabrikazioko tekniken bidez sortutako sentsoreen esparruan garatu duen lana deskribatzeaz arduratuko da. Sentsore horiek, funtsean, odolean biomolekulak edo zelula espezifikoak detektatzen dituzte, eta elikagaiak prozesatzen dituzten instalazioetan alergenoen edo bakterioen presentzia hautemateko erabiltzen dira ere.

PDF deskarga