Tekniker

IK4-TEKNIKERek parte hartuko du 2019ko Transfiere foroan

Data13-02-2019 - 14-02-2019 Data

FYCMA, Malagako Azoka eta Biltzar Jauregia

Foroa, Transfiere, berrikuntza, enpresak, industria

IK4-TEKNIKERek parte hartuko du Transfiere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Europako Foroaren zortzigarren edizioan, hizlari eta erakusketari gisa. Otsailaren 13an eta 14an izango da ekitaldia, FYCMA Malagako Azoka eta Biltzar Jauregian.

IK4-TEKNIKERek bi ponentziaren bidez erantsiko du bere eskarmentua; bada, robotikari, robotika malguari eta 4.0 Industriari buruzkoa izango da bata, eta elikagai-sektorean 4.0 teknologiak erabiltzeari buruzkoa izango da bestea. Gainera, sektore ezberdinetan aplikaturiko sentsoreen eta estaldura multifuntzionalen arloetan dituen gaitasunak erakutsiko ditu erakustoki batean.

Ponentziak

Lehenengo ponentzia "Adimen artifiziala: robotika, automatizazioa eta legeria" izeneko atalean sartuko da. IK4-TEKNIKERek robotika industrialean, elkarlaneko robotika malguan, automatizazioan, prozesuen monitorizazioan eta datuak adimen artifizialeko teknologien eta Big Dataren bidez (Deep Learning, Machine Learning, neurona-sareak eta abar) aztertzeko bilketan dituen gaitasunei buruzkoa izango da hitzaldia, ekipoak eta prozesuak hobeto kontrolatzeari begira 4.0 industria-ereduranzko eraldaketa digitalean (digitalizazioa, datu-bilketa eta analitika igarlea) enpresen bidelagun aritzeko xedez.

"Artearen egoera: nekazaritzako elikagaiak" atalean aurkeztuko da bigarren ponentzia, eta IK4-TEKNIKERek sentsore adimendunen garapenean dituen gaitasunei buruzkoa izango da. Sentsore adimendunek datuak biltzea ahalbidetzen dute (IoT-Internet of Things plataformen bidez), gero aztertu, prozesatu eta interpretatu daitezen.

Zehazki, benetako kasu baten bidez azalduko dira kontzeptuok. Adibidean, bada, nekazaritzako elikagaien eremura eraman da IoT plataforma, sektoreko produktibitatea handitzeko, baliabideak modu efizienteagoan erabiltzeko eta amaierako produktuaren kalitatea nahiz animalien ongizatea hobetzeko xedez.

Erakusketari Transfiere foroan

Erakusketa-gunean, IK4-TEKNIKERen stand bat egongo da, B2 korridorean. Bertan, zentroak estaldura multifuntzionaletan dituen gaitasunak erakutsiko dira, bai eta balio-kate osoa estaliz (ideiatik/premiatik hasi eta amaierako produktura arte) sentsoreak garatzeko duen gaitasuna aurkeztuko ere.

Standean, elikagaien, industriaren edo osasunaren sektoreetan askotariko ezarpenak dauzkaten askotariko sentsoreak ikusi ahalko dira; adibidez, eta besteren artean, ardoa hartzitzeko prozesua monitorizatzeko sentsore bat, abeltegiko ingurumen-baldintzak monitorizatzeko sentsore bat eta alergenoak/patogenoak/pestizidak/antibiotikoak hautemateko sentsore bat egongo dira ikusgai.

Transfiere

FYCMAk antolatzen du ekitaldia, eta ikerketa-taldeen eta enpresen artean berrikuntza sustatzeko gunea da. Halaber, enpresa-sektorearen lehiakortasuna hobetzen laguntzen du.

Zortzigarren edizio honetan jorratuko diren gaien artean, Espainiako ekonomiarako gai estrategikoei emango die lehentasuna foroak, nazioarteko merkatua aintzat hartuta. Hala, arlo hauetan sorturiko erronkak landuko dira, besteak beste: osasun-sektoreari aplikatutako adimen artifiziala, bankuen eremuko zibersegurtasuna, Blockchain-ek nekazaritzako elikagaien industrian dituen aukerak, finantzazio publikoa edo segurtasun aeronautikoa eta itsasontzien segurtasuna.

Espainian ezagutza trukatzeko eta I+G+b-a sustatzeko ekitaldi nagusitzat jotzen da foroa, eta, aurreko edizioan, 37 herrialdetako eta 1.700 enpresa eta erakundetako 4.500 profesionalek baino gehiagok hartu zuten parte.

Informazio gehiagorako

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.

Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.

Onartu