IK4-TEKNIKERek hiru ponentzia teknikorekin hartuko du parte Basque Industry 4.0 ekitaldian

Data 23-11-2018 IK4-TEKNIKER Tags Biltzarrak .

IK4-TEKNIKERek sentsoreen ezarpenei, adimen artifizialari eta robotikari buruzko hiru ponentziarekin hartuko du parte. Zentro teknologikoak fabrikazio gehigarrian dituen gaitasunak erakutsiko ditu ekitaldiko erakustokian.

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak presentzia nabarmena edukiko du Basque Industry 4.0 - The meeting point 2018 ekitaldiaren bosgarren edizioan. Bilboko Euskalduna jauregian izango da, azaroaren 26an.

Zentro teknologikoak bere eskarmentua erakutsiko du, sentsoreei, adimen artifizialari eta robotikari buruzko hainbat ponentziarekin, eta 4.0 Industriari loturiko fabrikazio gehigarrian dituen gaitasunak aurkeztuko ditu erakustokian.

Jon Mabek, IK4-TEKNIKEReko elektronika eta komunikazioen arduradunak, sentsore berriak garatzeak eta sentsore horiek industria-prozesuetan txertatzeak dakartzan erronka teknologikoak aurkeztuko ditu. Horretarako, 11:30etik aurrera, 1. ikasgela teknologikoan, hainbat aplikazio-kasuren bidez, askotariko teknologiak (kimika, NIR espektroskopia, kolorimetria, ikuspen artifizial murgildua, elektronika, mikromekanika eta abar) integratzeko prozesua azalduko du; hau da, produktuen kalitatearekin, segurtasunarekin edo egoerarekin zerikusia duten parametroak neurtuko dituzten sentsore aurreratuak garatze aldera askotariko teknologiak integratzeko prozesua.

Adimen artifizialaren eremuan, adimen artifizialaren hainbat teknologiak ekoizpen-prozesuaren zenbait etapatan (makinak eta prozesuak abiatzeko unetik makinen osagaien, interfazeen eta edukien egokitzapen pertsonalizatua egin arte) pertsonen eta makinen arteko komunikazio naturala hobetzen eta aurreratzen lagundu dezaketela azalduko du Izaskun Fernández ikertzaileak. Ponentzia hori 11:30etik aurrera entzun ahalko da, 2. ikasgela teknologikoan.

Azkenik, Loreto Susperregik, IK4-TEKNIKEReko robotikako arduradunak, manipulazio eta nabigazio autonomorako plangintza-teknikak jorratuko ditu, eta sentsoreen informazioa eta plangintza txertatzen dituzten eta roboten mugimenduak modu malguan kontrolatzea ahalbidetzen duten estrategiak azalduko ditu. Fabrikazio-prozesuak automatizatzeko robotika malgu eta autonomoaren kontzeptua garatuko da Susperregiren hitzartzean, eta 4. ikasgela teknologikoan izango da, 16:00etatik aurrera.

IK4-TEKNIKEReko hiru ikertzaileen ponentziak osatzeko, euskal zentroak 4.0 estrategiari aplikaturiko fabrikazio gehigarrian dituen gaitasunak aurkeztuko dira, hainbat sektoretan (hala nola, aeronautikan, automobilgintzan edo osagai eta pieza handien fabrikazioan) gero eta garrantzi handiagoa duen teknologia baita hori.

Zehazki, Laser Metal Deposition (LMD) deituriko teknikaren bidez fabrikatu diren pieza sorta bat erakutsiko du zentro teknologikoak. Fabrikazio gehigarria fusioan dago oinarrituta, metalezko hautsezko edo harizko laser bidezkoan, eta substratu baten gainazalean ezartzen da hori, gainestaldurak eta egiturak sortzeko.

Laserra fabrikazio aurreratuaren bektore gisa

Era berean, zentro teknologikoak Laser for Manufacturing Lab aurkeztuko du ekitaldian; hots, doikuntzaren, kalitatearen eta beste hainbat arloren inguruan eskakizun-maila handia duten sektoreen fabrikazio aurreratuko premia espezifikoak ebaztera bideratutako irtenbide osoak ematen dituen ekimena.

Proposamenak hainbat fabrikazio-prozesu hartzen ditu barnean: hala nola, ekipoen eta osagaien diseinua eta fabrikazioa, fabrikazio gehigarria, ikuskapena eta neurketa, eta laser-teknologiaren arloko aholkularitza eta prestakuntza.

Laborategi horrekin, IK4-TEKNIKERek laserraren bidez erantzun nahi die eskakizun-maila handiko sektore estrategikoen ekoizpen-eskari zehatzei, teknologia eta ezarpen horren gainean dituen ezagutza espezializatu eta 360°-ko ikuspegiari esker.

Basque Industry 4.0 The Meeting Point

Eusko Jaurlaritzak antolatu du Basque Industry 4.0 - The Meeting Point ekitaldia, SPRI taldearen bidez. Bada, estrategia, ezagutza-trukea, berritasun teknologikoak, benetako esperientziak, kasu praktikoak eta lantegiak biltzen dituen diziplina anitzeko ekitaldi gisa sendotu da hori, eta Laugarren Industria Iraultza deiturikoari loturiko agente guztiei dago zuzenduta.

Ekitaldiaren testuingurua ulertzeko, aintzat hartu behar dugu, besteak beste, biomedikuntzaren, energia berriztagarrien eta automobilgintzaren eremuek gero eta gehiago eskatzen dituztela balio erantsia duten osagaiak, eta osagai horiek gai izan behar dutela goi-mailako prestazioak eta zehaztapen-ratio handiak eskaintzeko, segurtasun-estandar zorrotzen pean. Hau da, fabrikazio industrialari aplikaturiko teknologia aurreratuek sekulako garrantzia hartu dute.

PDF deskarga