Tekniker

Gainazalen tratamenduak: Termikoak eta akaberakoak

Gainazalen tratamenduak: Termikoak eta akaberakoak

Tratamendu termikoko eta gainazalen akaberako eragiketak ezinbesteko urratsa dira sektore askotan; esaterako, moldegintza eta matrizegintzan, automobilgintzan, aeronautikan, medikuntzan eta optikan. Prozesu batzuetan, hala nola gainazal-tenplaketan, garbiketan edo baita piezen leunketan ere, laser teknologia sartzeak abantailak ditu: doitasuna; malgutasuna, landu daitezkeen geometriei dagokienez; automatizatzeko eta kontrolatzeko erraztasuna; eta ingurumen-jasangarritasuna.

Materialen egiturarik azalekoenak eta haren topografiak eragin handia dute osagaiek magnitude ugariren aurrean duten erantzunean: portaera tribologikoa, korrosioarekiko erresistentzia, biobateragarritasuna, atxikidura, erreflektantzia, itxura estetikoa eta abar.  Gaur egun, zenbait prozesu industrial erabiltzen dira propietate horiek parte bakoitzaren funtzionalitate espezifikora egokitzeko: tenplaketa eta iraoketa, garbiketa eta leunketa.

Gainazal-tenplaketa —normalean, haren ondoren iraoketa egiten da— tratamendu termiko bat da; haren bidez, pieza bat bizkor hozten da, austenizaziokoa baino tenperatura altuagotik abiatuta, piezari propietate jakin batzuk emateko. Prozesu konbentzionalek ez bezala, laser bidezko tenplaketak distortsio eta erasan termiko minimoa eragiten du piezan. Horrez gainera, ez du hozteko likidorik behar, materialaren bolumenak berak aukera ematen baitu beroa disipatzeko eta pieza berehala hozteko. Tratamenduaren sakonera, materialaren arabera, 2 nm baino txikiagoa da, baina erraz kontrola eta erreproduzi daiteke prozesuaren parametroen arabera.

Bestetik, gainazalak garbitzeko ohiko teknologiak metodo mekanikoetan, kimikoetan edota errekuntzakoetan oinarritzen dira, eta metodo horiek gogorrak izaten dira substratuarentzat eta kaltegarriak ingurumenerako. Aitzitik, laser teknologia tresna selektibo eta doia da, prozesua modu garbian eta eraginkorrean egiteko aukera ematen duena.

Sektore industrialak

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu

Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.

Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu gure Cookie Politika.

Onartu