Fagor Automation-ek eta IK4-TEKNIKERek kalibrazio nanometrikoko saiakuntza-banku berritzailea aurkeztu dute

Data 01-12-2017 IK4-TEKNIKER Tags Inspekzioa eta neurketa .

Proiektua nazioartean izango da adierazgarria, muturreko zehaztasuna eskatzen baitu, eta, zehaztasun horri esker, bere produktuen jokaera ezagutu eta hobetu ahalko baititu euskal kooperatibak.

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak eta Fagor Automation-Aotek enpresak, makineria automatizatzeko eta kontrolatzeko sistemak fabrikatzen aditua hori, proiektu berri bat aurkeztu dute gaur goizean, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Neurketa eta kalibrazio nanometrikoko sistemetan puntako teknologiak garatzearen aldeko baterako apustua indartu du proiektu horrek.

Zehazki, ultra-zehaztasuneko bankada lineala garatu dute enpresak eta zentro teknologikoak, eta, horrekin, kokaleku lineala duten kodetzaileen jokaera probatu eta artearen estadiora eraman ahal izango du euskal kooperatibak.

Horrela, garapen horri esker, hainbat makina industrialen funtzionamendua optimizaziorantz eraman ahal izango dela espero da (mekanizazio-zentroena eta goi-mailako errendimendua duten ekoizpen-tornuena, adibidez).

Zentro teknologikoak Eibarren dituten instalazioetara egin den bisita batean esparruan egin da aurkezpena. Besteren artean, hauek egon dira: Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako foru-diputatua, José Pérez Berdud Fagor Automation-Aotek enpresako zuzendari nagusia eta Luis G. Uriarte IK4-TEKNIKEReko zuzendariorde nagusia.

Bisitaren amaieran, Ainhoa Aizpuru diputatuak adierazi du aurkeztu den proiektua "goi-mailako aurrerapen teknologikoa" izateaz gain, zeinak Fagor Automation-eko produktuei "eskakizun izugarria dagoen merkatuetan lehiakortasunean eta bikaintasunean irabaztea" ahalbidetuko dien, enpresaren eta zentro teknologikoaren arteko lankidetzaren "adibide argia" dela.

Aizpururen hitzetan, "gure enpresetan ezagutza aurreratua sortzea edota gure enpresetara ezagutza aurreratua transferitzea elementu giltzarria da industrian lehiakortasunari eusteko. Diputatuak xedetzat jarri du Gipuzkoa I+Gren arloan puntako eskualde gisa kokatzea Europako mailan, eta "ildo horretan lagundu behar diogu gure enpresen eta gure zentro teknologikoen arteko elkarlanari, eta elkarlan hori indartu".

Zehaztu duenez, Foru Aldundiak I+Gko 124 proiekturi lagundu die azken bi urteetan (55 proiekturi 2016an eta 69ri 2017an), Ekonomia Berpizteko Planaren esparruan, guztira 8.841.620 euro esleituz, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Sareari laguntzeko programaren bidez. I+Gko 66 zentrok, fakultatek eta unibertsitate-erakundek hartu dute parte batez ere fabrikazio aurreratuaren, energiaren eta biozientzien/osasunaren arloetan zentratuta egon diren proiektu horietan.

Nazioarteko garrantzia duen sistema ultra-zehatza

Ekitaldian, proiektuaren emaitzak aurkeztu dizkiote zentro teknologikoak eta Fagor Automation-Aotek enpresak foru-arduradunei. Proben bankada oso berritzailea garatu dute proiektuan, eta nazioartean ere oihartzuna edukiko du, ultra-zehaztasuneko eskakizunak baitauzka. Gipuzkoako Foru Aldundiaren bultzadari eta laguntza ekonomikoari esker garatu ahal izan dute proiektua.

IK4-TEKNIKERek, zehaztasuneko ingeniaritzan eta metrologian aditua den heinean, saiakuntza-banku hori diseinatu eta fabrikatu du. Horri esker, bilketa-sistema lerrokatuak lerrokatu gabeko baldintzetan kalibra daitezke.

Fagorreko bilketa linealeko produktu-sorta guztiarekin lan egin ahal izateko diseinatu da ultra-zehaztasuneko bankada lerrokatua. Bankadak eskaintzen duen kalibrazio-luzera 3.200 mm-etara iristen da. Honako hau da bere alderdi bereziena: Abbe-ren hutseko lekualdaketaren neurketa interferometrikoa (hutsegiterik gabekoa) egin daiteke. Ezaugarri horiek inoiz ez bezalako neurketa-zehaztasuna ematen diote bankadari, 10 nm/m-tik beherakoa.

Euskal kooperatibaren eskarmentuaren eta know-how delakoaren ondorioz, mota horretako kodetzaile linealak oso-osorik ekoizteko gai den lehenengo enpresa espainiarra (eta bakarra) da Fagor Automation-Aotek; izan ere, kodetzailearen ekoizpenean sartzen diren lau arloetako (mekanikako, optikako, elektronikako eta softwareko) teknologiak dauzka.

Proiektu berri horrekin, posizioko kodetzaileen funtzionamendu- eta diseinu-parametroak ikertu ahalko ditu kooperatibak, zehaztasun handiagoko modelo berrien garapenean sakontze aldera.

Euskal ikerketa-zentroak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Fagor Automation-Aotek enpresarekin daukan lankidetza erakusten du proiektuak, zeina kooperatibak fabrikatzen dituen materialen zehaztasuna hobetzen duten elementuak garatzeko xedea duen.

PDF deskarga