Fabrikazio-prozesuetan dituen gaitasunak partekatuko ditu IK4-TEKNIKERek ISEM 2018 biltzarrean

Data 23-04-2018 Tags Biltzarrak .

Zentro teknologikoak parte-hartze nabarmena edukiko du fabrikazio-prozesu konbentzionalei eta ez-konbentzionalei buruzko foroaren hitzaldien egitarauan.

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak parte-hartze nabarmena edukiko du ISEM 2018 biltzarraren 19. edizioko hitzaldien egitarauan. Aurten, apirilaren 23tik 27ra egingo da, EHUko paraninfoan, Bilbon (Bizkaia aretoan). Bertan, elektrohigadura bidezko teknologiak eta mekanizazio elektrokimikoa jorratuko dira.

Zentro teknologikoak gai hauei buruzko hitzaldi teknikoak emango ditu: ultrasoinuen bidez lagundutako deskarga elektrikoaren mekanizazioa, metala laser bidez jalkitzean sortzen den altueraren kontrola eta pieza metalikoak laser bidezko soldadurarekin (LMD) fabrikatzeari lotutako mugaketa geometrikoen azterketa.

IK4-TEKNIKEReko ikertzaileen hitzartzeak apirilaren 24an hasiko dira. “Ultrasonic assisted electrical discharge machining for high aspect ratio blind holes” da lehenengo hitzaldiaren izenburua, eta mekanizazio-denbora hobetzeko bibrazio ultrasonikoak erabiltzeari buruzko ikerketa baten berri emango du.

Hurrengo egunean, apirilaren 25ean, asteazkenean, altzairuan 3Dko geometriak eraikitzeko laser bidezko cladding teknologia ekoizteak dauzkan mugetara bilduko da gogoa, “Study of the geometrical limitations associated to the metallic part manufacturing by the LMD process” hitzaldian.

Amaitzeko, IK4-TEKNIKERek “In-process height control during laser metal deposition based on structures light 3D scanning” izeneko ponentzia aurkeztuko du egun berean. Horren bidez, materiala zuzenean jalkitzen duten fabrikazio gehigarriko prozesuei aplikatutako kontrol geometrikoko metodoak aztertuko dira.