CENER eta IK4-TEKNIKERek beren aliantza berritu dute

Data 01-12-2016 IK4-TEKNIKER

Zentroek lankidetza-akordio berria sinatu dute energia berriztagarrien arloan teknologia berriak garatzeko eta aplikatzeko.

Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak (CENER) eta Euskadiko IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak lankidetza-akordioa sinatu dute aste honetan, energia berriztagarrien arloan, eta bereziki eguzki-energia termoelektrikoaren arloan, teknologia aurreratuak ikertzera eta garatzera zuzendutako proiektu bateratuak sustatzeko.

Hitzarmena Euskadiko zentro teknologikoaren egoitzan sinatu zuten IK4-TEKNIKEReko zuzendari nagusi Alejandro Bengoak eta CENEReko zuzendari nagusi Pablo Ayesak. Akordioaren arabera, bost urtez luzatuko da bi erakundeek 2009an hartutako konpromisoa.

Nahiz eta aliantza berriaren helburu nagusia eguzki-energiaren arloan ikertzea izan, beste energia-iturri berriztagarriek eskaintzen dituzten aukerak eta energia nola biltegiratu ere aztertuko dituzte.

Hitzarmena indarrean dagoen bitartean, bi erakundeek I+Geko jardueretan sakontzen jarraituko dute, baita 2009an martxan jarritako nanoteknologia, mekatronika eta eguzki-energiako sistemak aplikatzen ere, besteak beste.

Zehazki, honako hauetan oinarritu dute zentroek bien arteko lankidetza: eguzki-kolektoreen deskribapenean eta kalibrazio automatikoan, eguzki-energia termikoko kontzeptuen garapenean eta kontzentrazioko eguzki-sistementzako sistema mekatronikoen garapenean (mekanika eta doitasun-kontrola).

“Aurreko hitzarmenaren mamia mantentzen da. Bi zentroen teknologiak eta gaitasunak oso sinergikoak dira, beraz, horiek bateratzean aurrerapen teknologiko berriak lortzea espero dugu” baieztatu zuen Bengoak hitzarmena sinatu ondoren.

Horrez gain, ikerketa, garapen eta demostrazioko proiektuak sustatzeko eta hirugarrenei zerbitzu teknologikoa emateko konpromisoa nabarmentzen da hitzarmenean, betiere, berrikuntza-maila altuarekin eta garapen teknologiko nabariarekin.

“Ezinbestekoa da estrategia bateratua izatea, interes partikularretatik harago doana, honelako teknologiekin lan egiten duten enpresen eta ikerketa-zentroen lidergoa mantendu eta hobetzeko” azpimarratu zuen Pablo Ayesak, CENEReko zuzendari nagusiak.

Begien bistako emaitzak dituen aliantza

IK4-TEKNIKERen eta CENERen arteko lankidetzak lorpen esanguratsuak ekarri ditu azken urteotan, hala nola, tamaina txikiko heliostatoak garatzea, tenperatura altuagoetarako kolektore zentraleko sistemak garatzea edo konfigurazio berriak CSP energiako instalazioetan, fresnel kontzentratzaile esferikoetan oinarrituak.

Bi zentroek EASY proiektuan parte hartu dute. Horren bitartez, heliostato kontzeptu berria garatu da, merkeagoa dena eta erraz industrializa daitekeena. Konponbide horri esker, patente bateratuak eskatu ahal izan dira, eta zatikako finantzaketa lortu da STAGE-STE bezalako Europako proiektuen esparruan (Europar Batasunaren 7. Esparru Programa).

Horrez gain, CAPTURE (EBko H2020) ekimena bultzatu dute biek batera. Eguzki-energia termikoko instalazioen kontzeptu berritzailea garatzean oinarritzen da, ziklo konbinatu desakoplatuko dorre anitzekoa, eraginkortasun-maila altuagoa lortzeko.

Proiektu honetan, bai CENERek bai IK4-TEKNIKERek sisteman ezinbestekoak diren elementuak garatzen dituzte. Sistema hori ziklo konbinatu batean gas-turbina elikatzeko gai da, eguzki-energia kontzentratuaren bidez.

Bi erakundeen arteko lankidetzaren lorpen esanguratsua da baita ere MOSAIC (EBko H2020) proiektua. Horren helburua, eguzki-energia termikoko instalazio bat esfera anitzeko kontzentratzailedun teknologiarekin konfiguratzea da.

EurosunMed (Europar Batasunaren 7. Esparru Programa) ere nabarmentzekoa da, energia fotovoltaikoko eta eguzki-argiaren kontzentraziorako teknologiak garatzeko ekimena, alegia. Horrez gain, sare elektrikoak bateratu nahi ditu.

Proiektu horrek beste arlo batzuk biltzen ditu, hala nola, osagai berritzaileak probatzea eta EBren, Egiptoren eta Marokoren arteko lankidetza-sareak sortzea. Horien bitartez, ikasleen eta ingeniarien trukeak egin litezke, eta proiektuaren emaitzak jakitera eman.

IK4-TEKNIKERek eta CENERek sinatutako akordioak lau patente bateratu erregistratzea ahalbidetu du. Eguzki-hargailu eta -kolektore berriak garatzera eta eguzki-energiako gainazal zabalen kalibrazio- eta karakterizazio-prozesuak hobetzera eta sinplifikatzera zuzenduta daude patenteak.

Halaber, artikulu bateratu ugari idatzi eta txostenak aurkeztu dituzte kongresu entzutetsuetan.

PDF deskarga