Makina-erremintan integratutako neurketa-gaitasuna

Data 02-12-2016 IK4-TEKNIKER Tags Inspekzioa eta neurketa .

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak MH2020 proiektuan parte hartzen du. Horren bidez, neurketa-konponbide aurreratuak garatu nahi dira, fabrikazio industrialeko tresnetan integratzeko.

Fabrikazio-prozesu fidagarriagoak, malguagoak eta eraginkorragoak lortze aldera, IK4-TEKNIKER zentro teknologikoa ikerketa eta garapen proiektu batean parte hartzen ari da. Horren helburua zehaztasun handiko neurketa-sistemak makina-erreminta tresnetan integratzea da, ekoizpen-denborak hobetzeko eta tamaina handiko piezen zein osagaien kalitatea hobetzeko.

Ekimen horrek MH2020 du izena. Joan den apirilean jarri zen martxan Euskadiko industria-ehunean lehiakortasuna sustatzeko. Horretarako, fabrikatzeko tresna eraginkorragok diseinatzen dira, hainbat sektoretan erabil daitezkeenak, hala nola, ontzigintzan, aeronautikan, sektore energetikoan eta automobilgintzan. Izan ere, sektore horietan tamaina handiko piezak zehaztasun handiz ekoiztu behar dira.

Hiru urte iraungo duen proiektu hau zazpi enpresak eta bost zentro teknologikok osatzen duten partzuergo batek burutzen du, guztiak ere Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarekoak.

MH2020 proiektuak, Juaristi enpresa buru, makina-erremintetan teknologia integratzea du helburu, horiei esker neurketak dimentsio-trazabilitatez egin ahal izateko eta zehaztapen handiagoz lan egiteko.

IK4-TEKNIKERen ekarpena

Zentzu horretan, ikerketa eta neurketako ezagutzak aplikatuko ditu Euskadiko zentroak. Zehazki, makinak funtzionatzen ari direnean horiek dituzten baldintza geometrikoak eta ingurumenekoak egiaztatzea ahalbidetuko duten prozedurak ikertu eta garatuko ditu.

Halaber, egiaztapen-prozedura azkar eta eraginkorrak diseinatu eta garatuko ditu makinaren geldialdi-denbora murrizteko, eta mekanizazio-buruak kalibratzeko prozedurak sortuko ditu.

IK4-TEKNIKERko ikertzaileek konpentsazio bolumetrikoko konponbideak garatu eta integratuko dituzte, baita tamaina handiko tresnen tenperatura-aldaketak ikertu ere, horiek baitira zalantza gehien sortzen dituztenak neurketak egitean.

Horrez gain, ziurgabetasuna aintzat hartuko da dimentsio-trazabilitatea lortzeko egindako neurketetan, eta tresnei puntu ugari aztertzeko sentsoreak jarriko dizkiete, proiektuan parte hartzen duten beste erakundeen laguntzarekin.

Makinetan integratuko diren hardwarea eta softwarea garatzen ere lagunduko dute, informazioa monitorizatu eta interpretatzeko eta neurketa-sistemak modu egokian integratzeko.

Erronka hauei aurre egiteko, zentro teknologikoak arreta berezia jarriko du ekoizpen-prozesuetan eraginik handiena duten parametroetan, hala nola, piezaren neurria, makina-erremintaren neurria edo neurketa-teknologia bera.

Partzuergo anitza, helburu bakarra

MH2020 proiektua Hazitek 2016 izeneko programaren baitan garatu da. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak finantzatu du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) I+Geko proiektuak sustatze eta babeste aldera.

Ekimena aurrera daraman partzuergoko kideak dira Juaisti, Goratu, Soraluce, Fagor Automation, Gometegi, Unimetrik eta Ekide enpresek, bai eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) eragileak ere, hala nola, Innovalia Metrology, Aotek, Vicomtech-IK4, Ik4-IDEKO edo IK4-TEKNIKER.

Euskadiko zentroak ikerketa eta garapen jardueretan laguntzen die proiektuan parte hartzen duten lau enpresari (guztira zazpi enpresa dira).

PDF deskarga