IK4-TEKNIKERek parte hartuko du 3DMC biltzarraren hirugarren edizioan

Data 15-10-2018 IK4-TEKNIKER Tags Inspekzioa eta neurketa .

Zentro teknologikoak workshop batean hartuko du parte, eta ponentzia bat aurkeztuko du biltzarraren esparruan.

2018ko urriaren 16tik 18ra, Hanburgok (Alemania) ondoz ondoko hirugarren urtez hartuko du eskala luzeko 3Dko metrologiari buruzko 3DMC biltzarra (3D Metrology Conference), eta IK4-TEKNIKERek ez dio huts egingo hitzorduari. Oraingo honetan, zentro teknologikoak workshop batean hartuko du parte urriaren 16an, eta ponentzia batean urriaren 18an.

“Leveraging the benefits of machine tool calibration - Thermal issues in machine tools and in their assessment” izeneko workshop-ak makina-erreminten arazo termiko nagusiei helduko die, eta arazo horiek makina-erreminten kalibrazioari nola eragiten dioten jorratuko da bertan, bai eta, horrenbestez, ebaluazioan ondorio termikoak gutxitzea ziurtatzeko hartu behar diren neurri espezifikoak jorratuko ere. Halaber, gaur egun dauden askotariko karakterizazio-teknikak azalduko dira.

“Feature-based modelling for pose estimation of cylindrical elements in large scale and harsh environments” izeneko ponentzian, berriz, eskala luzeko (hamarnaka metroko) elementu zilindrikoen kokalekua eta orientazioa neurtzeko eredu fotogrametriko berri baten garapena eta balioztapena jorratuko dira.

Ereduak benetako eszenaren simulazio teorikoa egiten du, intereseko elementua neurtzeko eta horren segimendua egiteko irtenbide optimoa diseinatzeko xedez.

MOSAIC proiektuan sartuko da eredu fotogrametriko hori. Ezarpen-kostu murriztuekin eta energia-eraginkortasun handiarekin eguzki-kontzentrazioaren inguruko kontzeptu berritzaile bat diseinatzeari, fabrikatzeari eta baliozkotzeari buruzkoa da MOSAIC proiektua.

3DMC biltzarra

3Dko neurketa-teknologiak industria- eta ikerketa-xedeetarako ezartzeari eta garatzeari zuzendutako biltzarra da 3DCM.

Hiru egunez, hainbat gai jorratuko dira; hala nola, fabrikazio aurreraturako 3Dko metrologia, automatizazioa eta prozesuko metrologia, neurketaren ziurgabetasuna eta trazabilitatea edo errealitate areagotua.

Industria aeroespaziala, autopropultsatuen industria edo energia-sorkuntza bezalako industria-sektoreetako 3Dko metrologia-sistemen ikertzaileei eta azken erabiltzaileei dago zuzenduta biltzarra; eta, besteren artean, azken ekarpenak, aurrerapen zientifikoak eta 3Dko metrologiaren eremuarekin zein 3Dko metrologia industrian ezartzearekin zerikusia duten beste kontu batzuk aurkezteko eta partekatzeko asmoa dauka.

Informazio gehiago

Informazio gehiago izateko, sar zaitez 3DMC biltzarraren webgune ofizialera.